Hainbat autoreren lanak eskaini ditu musika bandak Kontzejupean

Andoni Elduaien 2024ko urr. 13a, 16:05

Guztira, bost musikariren lanak eskaini ditu musika bandak Kontzejupean eman duen kontzertuan. Herritar ugarik egin dute geldialdia han; batzuek osorik jarraitu dute emanaldia, eta besteek, piezaren bat entzunda konformatu dira.

Azkoitiko Musika Bandak kontzertua eskaini du gaur, igandea, Kontzejupean. Guztira, bost konposatzaileren bost obra eskaini dituzte herriko plazan, 12:30ean hasita. Besteak beste, Reveriano Soutullo, Federico Chueca, Charles Chaplin, Jose Alberto Pina eta Frank Farian autoren lanak interpretatu dituzte herriko musikariek. Hain zuzen, Ponteareas, El Bateo, Candilejas, The legend of Maracaibo eta Boney-M lanak jo dituzte.

Eguraldiak lagunduta, giro ederra sortu da eguerdian plazan, eta asko izan dira, batetik, Kontzejupean jarritako aulkietan eseri direnak, eta bestetik, plazako pasadizoan geldialdia egin dutenak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide