"Zutik dagoen erresistentziari babesa" adierazi diote AGAk Palestinaren alde deitutako elkarretaratzean

Andoni Elduaien 2024ko urr. 11a, 19:47

'Palestinar herria babestu, Israel eta bere konplizeei aurre egin' lelopean elkartu dira plazan. (Andoni Elduaien)

Palestinan "zutik dagoen erresistentziari babesa" adierazi diote gaur dozenaka herritarrek AGAk deitutako elkarretaratzean. "Palestina inoiz aske izango baldin bada, Israelen desegitearekin bakarrik lortuko da", azaldu dute.

Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) elkarretaratzea egin du gaur, ostirala. Palestinar herria babestu, Israel eta bere konplizeei aurre egin lelopean, dozenaka lagun elkartu da, herriko plazan. Israelek Palestinaren aurkako erasoa hasi zuenetik urtebetera, elkartasuna adierazi nahi izan diete palestinarrei Azkoititik. Hala hasi dute hitzartzea AGAko kideek, 2023ko urriaren 7a gogoan: "Aste honetan urtebete bete da palestinar erresistentziak iniziatiba hartu eta Israelgo estatu sionistak azkenaldiko ofentsiba odoltsuena abiarazi zuenetik".

Israelen ofentsibak "etenik ez" duela gogorarazi nahi izan dute plazan elkartuta. "Errefuxiatuen kanpalekuetan, eskoletan zein ospitaleetan bonbardaketak, erresistentziako liderren erailketak, gosetearen larriagotzea, Zisjordaniako erasoaldi bortitzak Gazan kolonizaziorako planak... Urtebete igaro ondoren, gainera, sarraskiaren zifrak goraka doaz: 40.000 hildako baino gehiago eta 100.000 zauritutik gora daude", jakinarazi dute.

AGAk gerra Palestinatik haratago zabaltzeko "saiakera garbiak" ikusten ditu. "Azken asteetan Libanon ere zabaldu dute gerra sionistek, egun gutxitan gutxienez 600 lagun erailda. Beraien izaera genozida, espantsionista eta zapaltzailea argi ikusten da". Horren aurrean, Palestinako herriaren "erresistentzia eskubidea defendatzeko beharra" azpimarratu dute. "Entitate sionistaren desagerpena eta Palestinaren erabateko deskolonizazioa gauzatzeko bidea gauzatu behar da. Horregatik, mendebaldeko gobernuen eta alderdi politiko guztien konplizitatea nahiz zuriketa salatzea beharrezkoa da. Gugandik gertu ditugu Israel egiten ari den genozidioan, zuzenki ez bada ere, parte hartzen ari diren euskal enpresa eta erakunde desberdinak".

Testuinguru horretan, urtebete geroago ere oraindik "zutik dagoen erresistentziari babesa" adierazi diote gaur. "Ezinbestekoa da mugarik ez duen Israelgo estatuari nahiz mendebaldeko konplizeei aurre egiten jarraitzeko beharra mahai gainean jartzea. Palestina inoiz aske izango baldin bada, Israelen desegitearekin bakarrik lortuko da. Hori horrela izanda, Palestinaren aldeko elkartasuna ezinbestean Israelen kontrako borrokari lotuta joango da. Genozidioaren aurrean ez dago erdibiderik", azaldu dute, elkarretaratzea amaitzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide