Atzo, osteguna, ezohiko udalbatzarra egin zuen Azkoitiko Udalak, datorren urteko tasak eta zergak adosteko, eta %3,2ko igoera orokorra aplikatzea onartu zuten. EAJk eta Azkoitia Bai herri plataformak erdietsitako akordioaren ondotik, bi udal talde horien aldeko botoekin atera zituzten aurrera ordenantzak. EH Bilduk ere, oro har, baiezkoa eman zien haien proposamenei, bi puntutan kenduta. Kontribuzioaren izoztearen kontra bozkatu zuen koalizio abertzaleak, baita etxe hutsen errekarguan salbuespenak kentzearen aurka ere. PSE-EEk, bere aldetik, abstentziora jo zuen ia puntu guztietan; liburuak eta bestelakoak saltzeagatik prezio publikoa arautzeko ordenantzan eta taxi tarifen bozketan eman zuten baiezkoa sozialistek.
Igoera orokorra %3,2koa izango bada ere, beste zenbait tasa eta zerga desberdintzearen alde egin zuten udal ordezkariek. Esaterako, zabor tasaren igoera bereiztea onartu zuten. Europako zuzentarau berri batek jaso du aurrerantzean hondakinen bilketa, bereizketa eta tratamendua herritarren ekarpenekin finantzatu beharko direla, eta ez udal aurrekontuan aurreikusitakoarekin. %100eko finantza estaldura lortzeko zein legea betetzeko, atzo erabaki zuten doikuntzak sektorearen arabera egitea, zerbitzuaren kostua eta orain arteko estaldura oinarri hartuta. Hori horrela, etxeetako, merkataritzako zein ostalaritzako zabor tasa %3,3 igoko dute, eta %42,4 industriakoa.
Kontribuzio tasa, berriz, bere horretan utziko dute, nahiz eta udalarentzat zerga bidezko diru iturri nagusia izan. Etxebizitza hutsei errekargua ezarri zioten iaz, eta atzo, ordenantza hark jasotzen zituen bi salbuespen kentzea erabaki zuten. Azkoitian erroldatuta ez dauden etxejabeek ez zeukaten lehen errekargua ordaindu beharrik, betiere urtean gutxienez 230 kWh-ko energia kontsumoa egiaztatzen bazuten, ezta bertan erroldatuta egon eta beste etxe huts bat izanik, urtean 1.200 kWh kontsumitzen zituztenek ere. Orain, bi salbuespen horiek deuseztatuko ditu udalak.
Udal Gobernuak eta Azkoitia Baik egindako akordioak jasotzen duen beste puntua da 30 urtetik gorako ibilgailuei eragiten diena. Aurrerantzean, zirkulazio zerga ordaindu beharko dute ibilgailu horiek ere, ibilgailu historikoaren katalogazioa ez badute behintzat. Alkateak adierazi zuen ibilgailu historikoen araudi berria hil honen lehen egunean sartu zela indarrean, eta "erraztu" egin zaiela ibilgailu horiei katalogazioa lortzeko tramitea. Azkenik, eguneko azken hiru puntuak arin onartu zituzten. Batetik, Elkarguneko tarifak %3,2 igoko dituzte; bestetik, udalak liburu bat edo bestelako ezer saltzera ateratzen duenean, erakundeak euro bat edo 50 euro arteko prezioa zehaztu beharko dio produktuari. Udalbatzarra ixteko, taxi tarifak %2,3 igotzea babestu zuten aho batez.
Alderdien arrazoitzeak
Ana Azkoitia alkateak ordenantzen negoziazioak nola joan diren azaldu zuen hasteko, eta ondoren, arrazoitu zituzten oposizioko alderdiek beraien ikuspuntuak. Irailaren 19an egindako Antolaketa batzordean EAJk zuzentzen duen Udal Gobernuak 2025eko tasak eta zergak %3,1 igotzea proposatu zuen. Irailaren 26an egin zuten hurrengo Antolaketa batzordea, eta alkateak atzo esan zuen beraien proposamenak berbera izaten jarraitzen zuela orduan ere.
Dena den, Udal Gobernuak ez zituen gauzak "garbi" ikusten beste alderdien artean. "PSE-EEri %3,1 igoera gehiegi iruditu zitzaion, eta orduan, EH Bilduri eta Azkoitia Bairi %2,8ko igoera egitea proposatu genien. Modu horretan guztiok adostasunera irits gintezkeela uste genuen, baina ez zen egon adostasunik", esan zuen alkateak. Udal Gobernuak ordenantza fiskalak atzoko udalbatzarrean aurrera aterako ziren "bermea" nahi zuen hasieratik, eta hori lortzeko, bestelako bideak urratzeari ekin zion, azkenik herri plataformarekin akordio ixteraino. Ordea, ez alkateari ez zaio "asko gustatu" haiekin izandako negoziaketa. "Alde guztiek utzi behar izaten dute alboan zerbait; guk ia dena utzi dugu, eta besteek ezer ez". Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ) ere hizpide izan zuen alkateak, EH Bilduri zuzenduz —puntu horretan egin zuen-eta aurka koalizioak—. "Ez du konpentsatzen OHZ ez igotzea gainerakoa %3,2 igotzen bada, ez gara-eta iristen beste guztia konpentsatzera. Errekarguko bi puntuak kenduta, ordea, badakigu diru bilketa igo egingo dela. Hori izan da igoera %3,1etik %3,2ra aplikatzeko motiboa".
Hain justu, EH Bilduk "kontraesanik handiena" OHZn ikusi du, eta horregatik erakutsi zuen puntu horretan desadostasuna. "Ez genuen OHZ etxetiarra kentzea ikusten; indizea mantentzea nahi genuen", hasi zen Asier Altuna zinegotzia. Bestalde, etxe hutsei iaz jarritako errekarguari lotuta, urtebeteko epean aldatzen hastea "prezipitatua" iruditzen zaio Altunari. "Politika egokia den edo ez ikusteko, datu estatistikoak behar dira, eta horretarako, denbora behar da; behar dira bi edo hiru urte erabakitakoa ondo doan ikusteko".
Tasen eta zergen igoera aplikatu ahal izateko, EH Bilduk zehaztutako baremoa "KPIaren estimazioaren araberakoa" izan zela jakinarazi zuen Altunak, eta zentzu horretan, EH Bilduk %3,1 igoera proposatu zuela. Udal Gobernuak gerora egindako %2,8ko proposamena, ordea, ez zuten begi onez ikusi. "Ez genuen ikusten igoera KPIaren azpitik egin behar zenik; izan ere, zantzu osoak daude egoera ekonomikoak okerrera egin dezakeela. Horregatik, uste dugu halako egoera baten aurrean diru sarrera handiak izateak gaitasun ekonomiko handia emango ligukeela".
Azkoitia Baiko Jose Joakin Etxaniz zinegotzia gustura agertu zen ordenantza fiskalen bueltako akordioarekin. "Udal Gobernuak onartu ditu bakarrik Azkoitia Baik egindako proposamenak", azaldu zuen. Haren arabera, herri plataformak "urte askoan defendatu dituen gaiak" onartu zituzten atzoko udalbatzarrean. Etxebizitzei lotutako zergak izan zituen hark hizpide, bereziki. "2017an, izugarri igo zen herritarrek egin beharreko etxebizitza kontribuzioa; garestiegia izaten jarraitzen du, eta igotzen jarraitzea proposatzen zuten gainerako alderdiek. Guretzat zerga ez igotzeko momentu ezin hobea da aurtengoa, zaborraren tasan derrigorrezko igoera aplikatu eta ezohiko diru bilketa egingo baitu udalak".
Udalak iaz onartu zuen etxe hutsen gaineko errekargua, baina Etxanizek azaldu zuen akordioari esker udalak "harago" joko duela orain. "Etxebide bezalako programetara atxikitako etxebizitzei ez zaie kontribuziorik kobratuko, eta aldiz, bai erabilera gutxi ematen zaien bigarren etxebizitzei. Zerga bilketa hau da beti defendatu izan duguna, eta dirudienez, bere fruituak ematera doa".
PSE-EEko Janire Igoa zinegotziak, azkenik, ordenantza fiskalen bueltako "akordioa lortzeko prest" egon direla adierazi zuen, baina hasieran planteatutako igoera "gehiegizkoa" iruditu zitzaion hari. "Sozialistok ez dugu azkoitiarren karga fiskala handitzea nahi. Uste dugu tasek eta zergek sistema bidezkoagoa eta progresiboagoa eratu behar dutela, gehien dutenek ekarpen handiagoa egin dezaten. Era berean, errenta baxuenak babestu behar zaizkie biztanle ahulenak dauden sektoreei". Hutsik dauden etxebizitzei lotuta, Etxebizitzaren Euskal Legeak ezarritako kanona babesten dutela ere adierazi zuten sozialistak, eta 2026ko ordenantza fiskaletan hori aplikatu dadin, "lanean hastea" eskatu zion Udal Gobernuari.
Halaber, Igoak ordenantzetan "atzerapausorik ez" egiteko eskatu zion Udal Gobernuari. "Benetan pena handia ematen digu guztion artean adostasuna lortzeko aukera alferrik galdu izana. Kontuan izan, azkoitiarren ongizateak izan behar duela axola behar digun bakarra", esan zuen Igoa sozialistak.