Bihar itxiko dute tresna digitalak ezagutzeko merkatarientzat antolatutako formazio saioetan izena emateko epea

Andoni Elduaien 2024ko urr. 10a, 12:17

Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan, udalaren webgunean edo Herrixen elkartearen bitartez eman dezakete izena herriko merkatariek eta azokako saltzaileek. Tresna teknologikoak aurkeztu eta horiek erabiltzen ikasteko aukera izango dute. Datorren asteazkenean egingo dute aurkezpena.

Bihar, ostirala, itxiko dute tresna digitalak ezagutzeko merkatarientzat antolatutako formazio saioetan izena emateko epea. Errekauek zerbitzua jarri nahi du martxan Azkoitiko Udalak, Herrixen elkartearekin eta Iraurgi Berritzenekin elkarlanean, aplikazio bidez erosketa zerrenda egin eta hura etxean edo kontsignan jasotzeko aukera eskaintzen duen zerbitzua, hain zuzen. Proiektua martxan jarri aurretik, ordea, udalak tresna digitalen inguruko formazio saioak antolatu ditu merkatarientzat eta azokako saltzaileentzat, Europako Next Generation funtsetatik lortutako diru laguntzak baliatuta.

Izena emateko, azken orduak dituzte interesa dutenek. Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan egin ahalko da aurrez aurreko inskripzioa, eta elektronikoki egin nahi duenak Azkoitiko Udalaren webgunean izango du aukera. Dena den, Herrixen merkatari elkarteak ere zabalik du izena emateko aukera. Azken aukera hori baliatu nahi dutenek, herrixen@hotmail.com helbide elektronikora idatzi beharko dute edo 608 31 30 24 telefono zenbakira deitu.

Saio horietan, batetik, sektoreko langileen aktibitate ekonomikoan onura eragin dezaketen tresna teknologikoak aurkeztuko dituzte, eta bestetik, haien erabilera azalduko dute. Udalak adierazi du "plataforma digitalak optimizatzeko eta ahalik eta erabilera eraginkorrena izaten laguntzeko" antolatu dituztela formazio saioak. "Edukia oso praktikoa izango da eta marketin digitaleko adituek zuzenduko dute. Gainera, tokiko beste merkatari batzuekin harremana izateko eta ezagutzak zein esperientziak partekatzeko aukera emango du".

Bestetik, banakako tresna teknologikoak ezagutzeko formazio saio indibidualak ere eskainiko dituzte. Besteak beste, Google My Business erreminta, WhatsApp Business aplikazioa, Instagram, Facebook zein Tik Tok sare sozialak, Canva edota InShot eduki sortzaileak eta Chat GPT nahiz Microsoft Bing adimen artifizialeko aplikazioak ezagutzeko eta lantzeko parada izango dute izena ematen dutenek.

Formazio saioei ekin aurretik, datorren asteazkenenean, hilak 16, aurkezpena egingo dute; lehen hitzordu horren ostean eskainiko dituzte formazioak, urte amaitu bitartean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide