Herenegun ekin zion Biele ISBk Bigarren Federazioa Ligari, etxean. Mailaz igotzeko hautagai nagusietako baten bisita jaso zuen Azpeitiko kiroldegian, eta Iñaki Merinok zuzentzen duen taldeak ez zuen ezustekoa ematerik lortu. Biele ISBk 73 eta 90 galdu zuen Caceres Patrimonio de la Humanidad taldearen aurka.
ISBk partidako lehen zatian gogor borrokatu zuen, eta hala, Caceresekiko gertu mantendu zen markagailuan. Bi taldeak euren joko proposamena nagusituko zutela sinetsita kantxaratu ziren pistara, baina minutuek aurrera egin ahala bisitariek jokoaren ekimena hartu zuten. Kanpoko jaurtiketetan ez ziren fin ibili bi taldeak, baina taula azpiko jokoa baliatuta, errenta txiki bat lortu zuten bisitariek; lehen laurdenaren amaierarako lau puntuko abantaila hartu zuten Extremadurakoek (16-20).
Bigarren laurdenean, Caceresko taldeak defentsako intentsitatea handitu zuen, eta gainera, kanpoko jaurtiketak sartzen hasi zen. Dena den, ISBk ez zion erraz jarri aurkariari, eta ez zion markagailuan urruntzen utzi. Caceres apurka-apurka nabarmentzen joan zen, baina azken minutu kaskar bat jokatu zutelako, aldea bost puntukoa baino ez zen izan (35-40).
Aldageletatik igaro ondoren ere bisitariek erasoan asko asmatu zuten. ISB bizirik irauten saiatu zen, tarteka markagailuan hurbilduta, baina argilunetan ibili zen, eta azkenean, Caceresek ihes egin zion etxeko taldeari (51-62). Azken laurdenean bisitariak goitik behera nagusitu ziren, eta erosotasunez aritu ziren kantxan. Gainera, ordura arte saskiaren aurrean asmatu ez zuten jokalariak ere puntuak batzen hasi ziren, amaieran hamazazpi puntuko aldea ateraz (73-90).
Etxekoen artean, Jovan Stulic nabarmendu zen; hogei puntu saskiratu zituen hark, eta beste horrenbeste puntuko balorazioa erdietsi zuen. Ierai Azpitarte ere txukun aritu zen, eta hamabi puntu saskiratuta, hamazazpi puntuko balorazioa lortu zuen hark. Larunbatean jokatuko du Biele ISBk denboraldiko bigarren partida. Zapatuan, 19:30ean hasita, Ciudad de Huelva taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak Merinorenek Huelvako (Espainia) Carolina Marin kirol jauregian.
Emakumeen porrota Madrilen
Domusa Teknik ISBk ere porrot gogorra jaso zuen zapatuan, haiek Innova-TSN Leganes taldearen aurka. 81-59 galdu zuten Luis Agirre Katxirenek Leganesko (Espainia) Europa pabiloian. Lehen laurdenean Azkoiti-Azpeitiko taldeak ondo borrokatu bazuen ere, atsedenaldirako hamabi puntu atzetik zen ISB (40-28). Hirugarren laurdenean, gainera, bi taldeen arteko aldea nabarmen handitu zen, ia hogei punturaino. Azken laurdenean borroka egin zuten berriro Domusa Teknik ISBkoek, baina ordurako berandu zen ezer lortzeko.
Julie Dacostak pilatu zituen puntu gehien ISBn, hamabost puntu, guztira. Hain justu, hura izan zen Agirreren taldekideen artean onena, hamalau puntuko batez besteko balorazioa lortuta. Datorren larunbatean, Azkoitiko Elkargunean jokatuko du Domusa Teknik ISBk Unicaja Mijasen aurka, 18:00etan hasita. Bi partidatan bi garaipen eskuratu dituen aurkaria izango dute arerio Azkoiti-Azpeitikoek.