Anaitasunako gizonek berdindu eta emakumeek denboraldiko lehen garaipena lortu dute

Andoni Elduaien 2024ko urr. 7a, 09:06

Ander Pastrian aurrelaria erasoan, zapatuan, Txerloian. (Anaitasuna)

Hutsean berdindu zuten gizonek zapatuan Txerloian, eta emakumeek 2 eta 3 irabazi zuten atzo, Gasteizen. Bi taldeak sailkapeneko hamahirugarrenak dira orain, launa punturekin. Datorren asteburuan, emakumeek Ugao jasoko dute etxean, eta gizonek Zumaian jokatuko dute.

Anaitasunako gizonek berdindu eta emakumeek denboraldiko aurreneko garaipena eskuratu dute asteburuan. Gizonek hutsean berdindu zuten Zumarragako (Gipuzkoa) Urola taldearen aurka zapatuan, Txerloian. Emakumeek, berriz, 2 eta 3 irabazi zioten Lakuari atzo, igandea, Gasteizen.

Loren Barbado entrenatzaileak zuzentzen duen gizonen taldea etxeko sendotasuna baliatzeko asmoz zelairatu zen Urolaren aurka, baina aurkariek lan ona egin zuten partidako 90 minutuetan, eta gorritxoen oldarraldiak gelditzen asmatu zuten. Aukera bikoitza sortuta hurbildu zen Anaitasuna zortzigarren minuturako aurkariaren atera, baina bi aldietan zumarragarrek gola ekiditea lortu zuten. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, partidaren kontrola orekatu egin zen; bi taldeetako inork ez zuen asmatzen bere jokoa nagusitzea, eta hala, jarraikortasun handiegirik gabeko jokoa eskaini zuten atsedenaldira arte.

Bigarren zatia arriskutsuagoa izan zen Anaitasunarentzat, eta Urolak aurrea hartzeko abagune garbia izan zuen berehala. Ondo iritsi ziren bisitariak Aritz Sudupe atezainak defendatzen zuen atera, baina, azkenean, etxeko atzelariek urrundu zuten arrisku handia zeraman baloia. Bigarren zatiaren erdirako Anaitasunak baloia bere oinetan hartu zuen, baina aurkariaren atea aurkitzeko sakontasuna falta izan zitzaien Barbadorenei. Baina, neurketa amaitzeko bost minutu eskasen faltan, bisitariek oso gertu izan zuten gola. Sudupe atezainak geldiketa ona egin zuen eskuineko zutoin azpira etzanda, eta hala, gorritxoen porrota ekidin zuen.

Anaitasunari minutuak eta partidak falta zaizkio joko punturik onena hartzeko, eta bien bitartean, puntu bat batzea lortu zuen zapatuan. Gaur-gaurkoz, sailkapeneko hamahirugarrena da Anaitasuna, lau punturekin. Datorren asteburuan, Zumaiako (Gipuzkoa) Aita Mari zelaian jokatuko du etxeko taldearen aurka. Zumaiako sailkapeneko laugarrena da egun, bi garaipen eta berdinketa bat pilatuta.

Sasoiko aurrena

Mikel Barquerok gidatzen duen emakumeen taldeak, bestalde, denboraldiko lehen garaipena lortu zuen atzo, Gasteizko Sansomendi zelaian. Gauzak oker jarri zitzaizkien gorritxoei neurketaren hogeigarren minuturako; izan ere, hamar minutuero egin zituen Lakua Vitoria-Gasteiz taldeak bi gol.

Norgehiagoka maldan gora egonagatik ere, Anaitasunaren erreakzionatzeko gai izan zen. 27. minutuan, Kalare Olaizolak areatik gertu baloia ostu zien atzelariei, eta hark Maria Juaristiri pasea eginda, aurrelariak markagailuko errenta txikitu zuen. Atsedenaldira iritsi aurretik ere Juaristi izan zen gorritxoen protagonista. Enara Anduezak Lakuako atzelarien bizkarrera jokatu zuen luze, eta Juaristik atzelariei aurrea hartuta, atezainaren aurrean baloia loratuta sartu zuen binakoa egiteko gola.

Aurreneko zatiaren amaierako abailarekin zelairatu ziren gorritxoak bigarren zatira, eta 55. minutuan neurketa irauliko zuen gola egin zuen Kalare Olaizolak. Beste behin gasteiztarren bizkarrera jokatu zuen Anaitasunak, eta etxeko jokalariek baloia urruntzerakoan izan zuten nahaste bat aprobetxatu zuen Olaizolak gola egiteko.

Garaipen handia lortu zuten Barquerorenek Gasteizen. Pixkanaka-pixkanaka puntuak batzen hasi da Anaitasunari, eta beheko zulotik burua ateratzen. Orain, sailkapeneko hamahirugarrena da Anaitasuna lau punturekin. Datorren asteburuan, sailkapenean koska bat gorago dagoen Ugao taldea izango dute aurkari etxean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide