Txatar eta Anestesia musika taldeen kontzertuak izango dira Elkargunean, abenduaren 14an. Gune horretako Herriko Plaza aretoan eskainiko dituzte kontzertuak, 22:00etan hasita. Entzun kultur elkarteak, Azkoitiko Udalaren laguntzarekin, antolatu ditu bi kontzertuok.
Azpeiti-Azkoitiko Txatar musika taldeak lehen diskoa kaleratu du aurten: Hildakoen jainko. Eta disko horretako doinuak eskainiko ditu abenduaren 14an. Txatarren atzean izen eta ospe handiko talde bateko kideak daude: Legen Beltza taldeko Xanti Rodriguez, Edorta Azkune eta Joseba Azkue. Legen Beltzarekin bizitakoak gogoan, musikaz gozatzen jarraitzen dute, thrash metal doinuak sortzen eta zabaltzen.
Anestesia musika taldeak, berriz, ibilbide luzeagoa du. 1988. urtean sortu zuten musika taldea Zarautzen. Mikel Kazalisek gidatuta, euskaraz thrash eta hardcore egiteko zeuden aurreiritziak hautsi zituen laukoteak; soinu gogorrekin batera gehitu zituzten salaketa eta kritika letrak. Moda jarraitzeari uko eginez, Anestesiak bere bidea jarraitu zuen, eta horregatik, talde askorentzat jarraitu beharreko eredu bihurtu dira. Musika taldeak bere ibilbideko abesti ezagunak eskainiko ditu Azkoitiko kontzertuan.
Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude, atera baitituzte salmentara. Entradium atarian eros daitezke sarrerak 15 euroren truke.