Eros daitezke Baztartxon larunbatean eskainiko duten 'Artea' antzezlanerako sarrerak

Andoni Elduaien 2024ko urr. 7a, 09:00

Agirre, Apaolaza eta Hormaza aktoreak. (Getxo Kultura)

Urriaren 12an, larunbatez, eskainiko dute Baztartxo antzokian, eta dagoeneko eros daiteke emanaldia zuzenean ikusteko sarrerak. Ramon Agirrek, Joseba Apaolazak eta Asier Hormazak onduko dute obra Azkoitian.

Txalo Produkzioak ekoiztetxeak Artea antzezlana eskainiko du urriaren 12an, larunbata, Azkoitiko Baztartxo antzokian. Yasmina Reza da jatorrizko antzezlanaren egilea, familia judutar batean jaiotako frantsesa. 1998an estreinatu zuten antzezlana, eta orduz geroztik, 35 hizkuntzetara itzuli dute, tartean euskarara. 2006an estreinatu zuten euskaraz Artea antzezlana hiru aktorek: Ramon Agirrek, Joseba Apaolazak eta Asier Hormazak. Ia hogei urte geroago, lan bera estreinatu dute orain hiru lagunek, Carlos Zabala zuzendariaren eskutik.

Hiru lagunen arteko historia biltzen du Artea antzezlanak. Sergiok koadro moderno bat erosiko du dirutza handia ordaindu ondoren. Marcosek gorrotatu egingo du koadroa, eta gainera, kostatu egingo zaio sinistea Sergiori koadroa benetan gustatzen zaionik. Hirugarren laguna, Ibon, saiatuko da Marcosen eta Sergioren arteko desadostasunean bitartekari izaten. Arte modernoari buruzko azaleko desadostasuna dena adiskidetasunari buruzko eztabaida latza bihurtuko da, gainera, Ibon erdi-erdian hartuta. Antzezlanak aurrera egiten duen heinean, koadroaren auzia erabat puztuko da, bat batean desagertzeraino, haserrealdiaren benetako arrazoiak azalean argi utziz.

Bazkideentzako zozketa

Emanaldirako sarrerak salgai daude dagoeneko; Entradium atarian eskuratu daitezke, 10 euroren truke. Era berean, Azkoitiko Kultura sailaren eskutik bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu Azkoitia Gukak bazkideen artean. Azkoitia Gukaren webguneko galdetegia beteta edo 943-56 01 64 telefono zenbakian eman daiteke izena, 40 zenbaki kodea erabilita.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide