Lau eta Erdiko Txapelketako final laurdenetako partidetako bat hartuko du Azkoitiak urriaren 18an

Andoni Elduaien 2024ko urr. 2a, 11:09

Atzo, asteartea, aurkeztu zuten txapelketa Bilbon. (Aspe)

Lau eta Erdiko Txapelketaren iazko txapeldunordeak, Peio Etxeberriak, Aitor Elordi edo Javier Zabala izango du aurkari Gurea pilotalekuan. Azken bi horiek urriaren 14an Tolosan jokatuko dute final zortzirenetako kanporaketa. Sarrerak salgai daude dagoeneko Entradas Fronton atarian.

Lau eta Erdiko Txapelketaren final laurdenetako ligaxkaren lehen jardunaldiko partida jokatuko dute urriaren 18an, ostiralez, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Peio Etxeberria iazko Lau eta Erdiko Txapelketako txapeldunordeak ziurtatuta du Azkoitian aritzea, baina ez hark aurrean izango duen pilotaria; izan ere, Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekuan urriaren 14an jokatuko duten final zortzirenetako azken kanporaketatik garaile ateratzen den pilotaria izango du Etxeberriak aurkari Gurean: Aitor Elordi edo Javier Zabala.

Halaber, pilota enpresek jakinarazi dute jaialdiko beste partidan zein pilotarik jokatuko duten ere. Promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren barruan, Julen Egiguren Egiguren V.a pilotari azpeitiarra Beñat Senar-Unai Mata partidako garailearen aurka arituko da. Jaialdia 22:15ean hasiko da.

Goizean sarrerak artean ez zeuden salgai, baina dagoeneko eskuragarri daude Entradas Fronton atarian. Kantxako sarrerek 35 euro balio dute eta 20 euroko prezioa dute goiko solairukoek nahiz erreboteko sarrerek. Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdiak azaroaren 9an eta 10ean jokatuko dituzte Iruñeko Labriten eta Eibarko Astelenan, hurrenez hurren. Finala, berriz, azaroaren 24an izango da, Bilboko Bizkaia frontoian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide