Irailaren 24an hasi zuen Azkoitiko Irakurle Taldeak sasoi berria, Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso liburuaren inguruko solasaldi irekia eginda. Ikasturteko lehen egunaren ostean, baina, zehaztu dute bigarrengorako hitzordua ere: azaroaren 12an, asteartez, Ana Malagon idazlearen Gelditu zaitezte gurekin liburua landuko dute, Elkargunean, 19:00etan. Gainera, idazlea bera Azkoitian izango da irakurleekin iritziak partekatzeko.
Familiaren oporretako etxean berriro bildu diren anai-arreben kontuak ditu hizpide Gelditu zaitezte gurekin liburuak. Dagoeneko helduak diren anai-arrebez hitz egiten du Ana Malagonek, min zaharrak bizirik dituzten anai-arreben kontuez, zehazki. Emakume gazte batek etxebizitza bat modu onean erosi duela kontatuko du idazleak, baina baldintza batekin: etxe horretan bizi den agurea bertan hartzekotan. 40 urte betetzean, gaztetan hegoalderantz egindako bidaia berregitea erabakiko dute lau lagunek. Gurasoen erabakiez ere mintzo da liburuan Malagon.