Nagore Aizbitarte: "Norbere buruaren kontrola izateko, egoskorra izan behar da"

Ihintza Elustondo 2024ko ira. 30a, 14:31

Nagore Aizbitarte azpeitiarra.

Hilerokoaren bueltako isiltasunak kalte egin dion milaka emakumeetako bat da Nagore Aizbitarte (Azpeitia, 1998). Bere esperientzia kontatu du.

Hilerokoa tabua izan da hainbat urtez, baina pixkanaka gaiaz gero eta gehiago hitz egiten da. Dena den, berriki idatzi duzun artikulu batean aipatu duzu gutxi hitz egiten dela "hilean behin etortzen ez zaien horiez". Zertaz hitz egiten da, eta zer isiltzen da?

Gero eta gehiago hitz egiten da hilerokoaz, mina normala ez dela ere gero eta gehiago entzuten da, harreman hobea izan behar dugula hilerokoarekin... Baina beste kontu batzuez ez da hitz egiten; nire kasuan bezala, hilerokorik gabe hilabeteak igaro ditzakegunez, esaterako. Hileroko 'normalaz' hitz egiten da, 28 egunean behin etorri beharko lukeen 
horretaz. Eta ez bada normala, ez digute esaten zer egin dezakegun. 

Zer bizitzea tokatu zaizu zuri?

11 urterekin izan nuen lehen hilerokoa. Gero, 17 urte egin nituenean, etortzeari utzi zion. Gorputzean aldaketa gehiago nabaritzen hasi nintzen: bat-batean ile gehiago nuen gorputzean, gizentzen hasi nintzen, emozionalki gorabeherak 
nituen... Banekien haurdun ez nengoela, eta "zer da hau?" pentsatzen nuen. Sei hilabete igaro nituen hilerokorik gabe, eta amari kontatzea erabaki nuen. "Zure izebak bezala, agian obulutegi polikistikoen sindromea izango duzu", esan zidan. Sekula ez nuen ezer entzun horri buruz. Ginekologoarengana joan nintzen orduan, lehenengo aldiz, 18 urterekin.

Ginekologoak begiratu zituen nire organoak, eta konfirmatu zidan obulutegi polikistikoen sindromea nuela. Desoreka hormonal batek eragiten du hori; niri azaldu didatenaren arabera, obulutegian obuluak mugimenduan egotea da ohikoena, eta gure kasuan, geldirik egon ohi dira. Ez badira mugitzen, inkistatu egin daitezke, eta kisteak sortu. 
Hormona desoreka horrek hainbat sintoma eragin ditzake, gainera: hilerokoa ez etortzea, gorputzean ile gehiago ateratzea, granoak irtetea, pisua hartzea, ahotsa grabeago jartzea, gorabehera emozionalak izatea...

Ginekologoak esan zidan obulutegi alferrak nituela, eta hori bizitza osorako izango zela. Ama izateko zailtasunak izango nituela ere esan zidan. Antisorgailuak hartzea gomendatu zidan, hormonen desoreka erregulatzeko. Antisorgailuek obulutegiak desaktibatzen dituzte, eta emakumearen gorputza prestatu odola artifizialki kanporatzeko. Baina ez da obulatzen; arazoa moztu egiten da, konpondu ez. Ez zidan konbentzitu antisorgailuen kontuak, eta ez hartzea erabaki nuen.

Zer egin zenuen, orduan?

Badago beste pilula bat, bost egunez hartzen dena eta hilerokoa etortzea eragiten duena. Hori hartu nuen. Sei hilabeteren ostean jaitsi zitzaidan, baina gero berdin jarraitzen nuen. Unibertsitatean hasi nintzen, hilerokoa bederatzi hilabetetik behin izaten nuen, urtean behin...

Ginekologoak esan zidan urtean behin joan behar nuela hormonen azterketak egitera, ikusteko kisterik ba ote nuen obulutegietan. Hori da begiratzen dutena eta kezkatzen dituztena, eta listo. Bitartean arazoak hor jarraitzen du; nik ez nuen ziklorik eta inolako harremanik hilerokoarekin. 

Nazkatuta nengoen. Nire gorputza puztu-puztu eginda ikusten nuen, gero eta ile gehiago nuen, horrek autoestimuan eragiten zidan, eta sintoma horiek kentzeko, nire buruarekin hobeto sentitzeko, antisorgailuak hartzen hasi nintzen. Lehen hilabetean botaka-eta ibili nintzen, baina azkar hasi nintzen aldaketak nabaritzen: nire gorputza pixka bat findu zen, askoz ile gutxiago nuen, granorik ez zitzaidan ateratzen... 21-22 urte inguru izango nituen. Momentu hartan konponbidea horixe zela pentsatu nuen. Irtenbide bezala ikusten nuen albo kalte fisikoak konpontzen zizkidalako; hori zaindu nahi nuen momentu hartan, orduan bost inporta zitzaidan barruan zegoena. 

Hiru urte eman nituen pilulak hartzen, baina arazo bera zuen lagun batek esan zidan berak ez zituela hartzen. Saiatzea erabaki nuen.

Zer nabaritu zenuen?

Antisorgailuak hartzea utzi nuenean, berehala nabaritu nituen aldaketak: lo askoz hobeto egiten hasi nintzen -sekulako insomnio arazoak izan nituen pilulak hartzen nituenean–, libidoa aktibatu zitzaidan –botikek itzali egiten dute–... Gainera, hiru urte egoera arraro batean eman nituen; ez oso pozik, eta ez oso triste, itzalduta bezala. Hormona dosi bat hartzen egon nintzen, eta hori kentzean, gorputza bere tokira itzultzen hasi zen. Nire buruarekin askoz ere hobeto sentitzen hasi nintzen, eta garbi ikusi nuen ez nintzela itzuliko pilulak hartzera. 

Beste bide bat esploratzen hasi zinen.

Nutrizionista batengana joaten hasi nintzen, gehiago informatzen, lagun horri galdetzen berak zer egiten zuen... Nire gorputzari bere bidea egiten utzi nion; saiatu nintzen nire gorputzarekiko segurtasun falta ematen zidaten albo kalteei kasurik ez egiten, nire gorputza horrela onartzen. Hormonak erregulatzeko metodo natural bat gomendatu zidaten, eta horrekin probatzen hasi nintzen. Eta martxoaz geroztik, hilerokoa etortzen zait; ez 28 egunetik behin, baina hilabete eta bi aste inguruko zikloa dut orain. Ez dakit zeren ondorio den zehazki; ziurrenik nahasketa bat izango da: nire buruarekin hobeto konektatuta nago, onartu dut nire gorputzak horrela funtzionatzen duela, elikadura gehiago zaintzen dut, metodo natural hori hartzen dut... Orain, badaukat zikloa, eta nik nabaritzen dut nigan ziklo bat dagoela. Gustatuko litzaidake hau dena aspaldi jakin izana. 

Informazio faltak zure bizitzan kalte egin dizula sentitu duzu, beraz.

Bai, erabat. Antisorgailuak ziren aurkeztu zizkidaten planteamendu bakarra. Nik uste nuen horiek hartuta ziklo bat izaten ari nintzela, baina ez da hala; estalki bat baino ez da. Hilerokoa etortzen zaizu, eta sentitzen duzu emakume bezala 'kunplitzen' ari zarela. Ez dizute beste aukerarik ematen; medikuei elikaduraz edo beste zerbaitez galdetzen banien, ez zidaten bide horretatik jarraitzen. Orduan, ahalduntzea izan da nire bidea.

Lorpen bat al da zuretzako gaur egun zauden lekura iritsi izana?

Bai. Ez bakarrik hilerokoa etortzen delako, baizik eta konektatu dudalako berriz nire gorputzeko atal horrekin, denbora askoan erabat deskonektatuta izan nuena; gorrotatzen nuen zerbait izan da. Nire ugalkortasun sistema zerbait zimela bezala irudikatzen nuen, funtzionatzen ez zuena; negatibotasun pila bat transmititzen nion nire gorputzeko atal horri. Emakume bezala identifikatzen baldin bazara, emakume izateari oso lotuta dago atal hori, eta zure balioari ere bai.

Zure antzeko egoeran dagoenari, zer gomendio emango zenioke?

Garrantzitsua iruditzen zait gai honetaz hitz egin daitekeen jendez inguratzea, antzeko esperientzia bizi izan dutenekin egotea. Lagun bati esker ezagutu nuen nik orain hartzen dudan metodo naturala; aurretik ez neukan inolako 
informaziorik. Informatzeko eta ez konformatzeko esango nioke; sentitzen badu zerbait ez dagoela ondo bere gorputzean, ez entzungor egiteko. Nik sentipena izan dut ez nautela serio hartu; osasun publikoan, pribatuan, beste herrialde batean... denean saiatu naiz, eta guztiek antzeko erantzuna eman didate: "Jende askori pasatzen zaio, eta lasai egon". Horrek ez nau lasaituko. Zure buruaren kontrola daukazula sentitzea nahi baduzu, eta ez mediku edo botika batek, pixka bat egoskorra izan behar da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide