Anaitasuna-Kakute xake taldeak Beteranoen IV. Txapelketa jokatu zuen atzo, igandea. Sei jokalarik parte hartu zuten, azken orduko bajak tarteko; dena den, giro onean aritu ziren parte hartzaile guztiak. Seikoteko onena Jose Joaquin Larrañaga izan zen; lehia gaizki hasi zuen hark, baina bidea zuzentzeko modua lortu zuen gero. Azkenean, zortzi puntu eta erdi bildu zituen Larrañagak, eta hark irabazi zuen txapelketa.
Eibar taldeko Xabier Beorlegi izan zen bigarrena, sei puntu eta erdi bilduta, eta Juan Cruz Fernandez hirugarrena, bost punturekin. Itzuli bikoitzeko eta hiru minutuko erritmo azkarreko liga sistema erabili zuten txapelketan. Horrez gain, jokaldi bakoitzeko bi segundo gehiago pilatzeko aukera izan zuten, gainera.
Eibarren, Blitz txapelketa
Bestalde, zapatuan Gipuzkoako Banakako Blitz Txapelketa jokatu zuten, Eibarren. Hango klubaren mendeurrena dela eta antolatu zuten txapelketa. Gazteak nagusitu ziren lehian: Alex Odriozolak irabazi zuen, Oier Sarasketaren eta Xabier Aranzabalen aurretik. Anaitasuna-Kakuteko Xuban Garatek ere parte hartu zuen Eibarko proban, eta 25. postuan sailkatu zen, bost puntu bilduta. Joel Pineda ere han izan zen, eta hura 27. sailkatu zen, bost punturekin. Datorren larunbatean, taldekako txapelketa jokatuko dute han, Anaitasuna-Kakutek bi talde eramango ditu. Hitzordua berezia izango da taldearentzat.