Azkoititik mundurako begirada

Ane Olaizola 2024ko ira. 29a, 15:28

Garapenean Bidelagun azoka, Kultur Arteko Jaia eta Migratzaileen eta Errefuxiatuen Mundu Jardunaldia ospatu dituzte goizean Azkoitian, eta herritarrek plaza bete dute munduko hainbat herrialdetako jakiak ikusi eta dastatzeko zein gobernuz kanpoko erakundeen lana ezagutzeko.

Hiru hitzorduk bat egin dute gaur goizean Azkoitian: batetik, Garapenean Bidelagun azoka egin dute plazan, herriko gobernuz kanpoko erakundeek beren jarduna gizarteratzeko; bestetik, Azkoitia 700 egitarauaren barruan, Kultur Arteko Jaia egin dute plazan; eta azkenik, Migratzaileen eta Errefuxiatuen Mundu Jardunaldia ere Azkoitian ospatu dute, Gipuzkoako Etorkinen Pastoraltzak antolatuta eta Azkoitiko Parrokiak eta Caritasek lagunduta. Hiru ekintza izanagatik, "begirada eta mezu bakarra" helarazi nahi izan du Ana Azkoitia alkateak plazan egin duen hitzartzean: "Pertsonak gara guztiak, inork ez du jaioterria uzten bizitzak ito ezean".

11:00etan zabaldu dute Garapenean Bidelagun azoka, eta eguerdira bitartean, beren proiektuen berri eman dute honako gobernuz kanpoko erakunde hauek: Acoes, Behar Bidasoa, Darahli, Gazteak eta Garapena Salestar Misioak, Lumaltik Herriak, Mundu Solidarioa Helburu, Munduko Begiak, El Salvador Elkartasuna eta Salvamento Marítimo Humanitario-SMH. Haien postuekin batera nahastu dira herriko migratzaileek jarri dituztenak, eta modu horretara, gobernuz kanpoko erakundeen lana ez ezik, munduko hainbat herrialdetako jakiak ezagutzeko eta dastatzeko aukera izan plaza bete duten herritarrek.

Aldi berean, Migratzaileen eta Errefuxiatuen 110. Munduko Jardunaldia egin dute Azkoitian bertan. Hango eta hemengo dozenaka lagunek parte hartu egitasmoan, eta askok beren herrialdeko bandera soinean zutela, parrokiara joan dira aurrena, meza izan baitute han. Ondoren, guztiak herriko plazan elkartu dira, eta Azkoitiak ongietorria egin die denei. Haren arabera, gaurkoa "elkartasuna eta lankidetza" aldarrikatzeko eguna izan da, baita "injustiziak eta eskubide urraketak" salatzekoa ere. "Gureak izan daitezke lehen munduko arazoak, baina horrek ez du justifikatzen bestaldera begiratzea. Jaioterriak gure patua erabakitzen du, aberastasunak ez omen du zoriontasunik ematen, baina gauzak erraztu egiten ditu. Hori ondo dakite gaur Garapenean Bidelagun parte hartzen diren gobernuz kanpoko erakundeetako kideek. Asko dira munduan oinarrizko baliabiderik gabe bizi direnak, gose eta oinutsik bizi direnak. Guk telebistan ikusten ditugu, horma bihurtzen diren pantailetan. Mundu hobe baten alde ari zarete hemen bildutako guztiak, eta aitortzarik zintzoena merezi duzue".

Alkateak jakinarazi du munduko 58 herrialdetako 1.334 pertsona migratzaile bizi direla Azkoitian, eta azpimarratu du "elkarri besoak ireki eta gerturatzea" dela gizarte moduan aurrera egiteko gakoa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide