Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bosgarren final zortzirena jokatu zuten atzo Hondarribiko Itsas Etxean, eta Eneritz Artetxek irabazi zuen saioa, 482,5 puntu lortuta. Horrenbestez, azkoitiarra zuzenean sailkatu da final laurdenetara, eta urriaren 27an Irunen izango den saioan kantatuko du hark.
Aretoa beteta zela abestu zuen Artetxek atzo Hondarribian, honako beste bost bertsolari hauekin batera: Ane Beloki, Aratz Igartzabal, Maddi Aiestaran, Oier Aizpurua eta Unai Gaztelumendi. Lan puntuagarriak amaituta, azkoitiarra izan zen puntu gehien eskuratu zituena, eta haren atzetik, honela geratu zen sailkapena: Aratz Igartzabal (478), Unai Gaztelumendi (464,5), Oier Aizpurua (445), Maddi Aiestaran (444,5) eta Ane Beloki (419,5).
Guztira, bost final laurden jokatuko dituzte urriaren 19tik aurrera, eta horietako bat Azkoitian izango da, urriaren 26an. Saio horretan, puntuazioz sailkatuko diren beste lau bertsolarirekin batera arituko da kantuan Ane Labaka, Elgoibarren jokatu zen final zortzireneko irabazlea, eta Haritz Alberdi azkoitiarra arituko da gai jartzaile lanetan. Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko.