Hileko azken ostirala izanik, plazan elkartu ziren hainbat herritar Sare Herritarrak presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideak aldarrikatzeko deitutako elkarretaratzera. Ikasturte berria "gogotsu eta indarberrituta hasteko prest" agertu ziren Kontzejupearen bueltan elkartu ziren lagunak.
Kontzentrazioa amaitu aurretik irakurketa egin zuten deitzaileek, eta hasteko, azken asteetako eta hilabeteetako ekintzen balorazioa egin zuten. "Beste behin argi erakutsi dugu jai giroan zein oporretan Etxera aldarria Euskal Herriko hamaika txokotara zabaldu dugula. Herrietako jaietan, hondartzetako mobilizazioan zein hiriburuetako Aste Nagusietan ugariak izan dira Etxera aldarria nabarmendu duten momentuak", azaldu zuten.
Joan den asteazkenean egin zuen Sare Herritarrak urtarrileko mobilizazioaren aurkezpen ekitaldia. Urtarrilaren 11n egingo dute manifestazioa Bilboko kaleetan, Behin betiko lelopean. Leloa eta kartela aurkeztuta, "dinamika berriari hasiera" emango diote hala. "Bakeari, konponbideari eta elkarbizitzari ateak behin betiko irekitzeko unea dela eskatzera gatoz. Azken hilabeteetan hasitako bidea jarraitu eta euskal gizartearen gehiengoa batzen gaituen giza eskubideak errespetatuz, euskal presoen auziari behin betiko aterabidea eman behar zaiola aldarrikatzera gatoz", nabarmendu zuten.
Urtarrilaren 11n Bilboko kaleak betetzeko deia egin zuten. "Urtero egin ohi dugun gisan, euskal gizartearen gehiengoak erakutsi ohi duen moduan, euskal presoen auziaren konponbidea zein biolentzia ezberdinen biktimen errekonozimendua berehala eta behin betiko iritsi dadila eskatuko dugu. Denon artean lortuko dugu konponbideari eta elkarbizitzari behin betiko ateak irekitzea". Sare Herritarrak datozen deialdiei eta dinamikei adi egoteko eskatu zuen.