Izibene Oñederra azkoitiarrak Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) film laburra aurkeztu du Donostiako 72. Zinemaldian, Zabaltegi-Tabakalera sailean. Oñederraren film laburra sail horretako beste hogeita bi filmekin batera lehian dago.
Etorriko da (Eta zure begiak izango ditu) animaziozko film laburrean komunitate batek ingurumen krisi baten ondorioz jasaten duen kolapsoa erretratatu du zuzendariak. Errealitate berri horretan, biztanle pribilegiatuek oraina gozatzean oinarritutako bizimodu hedonista izango dute, eta bizirik irautea izango dute helburu gainerakoek. 2024ko Kimuak katalogoa osatzen duten zazpi lanetako bat da Oñederraren film laburra, eta animaziozko zinemaren Annecyko jaialdirako ere aukeratu zuten lana.
Oñederrak ezagun du dagoeneko Zabaltegi-Tabakalera saila; Hotzanak (2013) eta Lursaguak (2019) lanak ere bertan erakutsi zituen, hainbat film kolektibotan parte hartzeaz gain.