Azkoitiko Udalak lizitaziora atera ditu Floreaga auzoko hirugarren igogailuaren eraikitze lanak. Beheko aldetik Floreaga Berri, eta goiko aldetik Izarraitz kalea eta Atanotarrak plaza lotuko ditu igogailu berriak. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 999.332 eurokoa da (BEZ barne), eta aurreikuspenen arabera, exekuzio epea hamar hilabetekoa izango da.
Interesa duten enpresek urriaren 21a baino lehen aurkeztu beharko dituzte eskaintzak. Igogailurako sarbidea Floreaga Berri kalearen amaieran egongo da, auzoaren goiko aldera igotzeko eskailerak hasten diren tokian. Bi geraleku izango ditu: bata Izarraitz kaleko 3. zenbakiaren parean, eta bestea bolatokiaren ondoan, eskailerak amaitzen diren tokian. Halaber, proiektuaren arabera, igogailuak bi pasabide izango ditu altuera ezberdinetan: batak 14,80 metroko luzera izango du, eta besteak 41,30 metrokoa.
Igogailu berriaren lanak Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko planaren barruan sartzen dira. Plan horrek bost fase ditu, eta horietako bi dagoeneko gauzatuta daude.