Azkoitiko Sustraiak Bizirik taldeak antolatuta, bihar, ostirala, Mexico 1977, Testimonios de Tortura liburua aurkezpena egingo dute Elkargunean. Zeharkako gelan izango da Victoria Mendoza idazle mexikarraren saioa 19:00etan hasita, eta irekia izango da herritar ororentzat.
Elkarlanean aritu diren familien eta lagunen arteko talde-lanaren emaitza da Mexico 1977, Testimonios de Tortura liburua. Salaketa eta errebindikazio gisa, garai hartako kontuak eta testigantzak biltzen ditu lanak. "70eko hamarkadan, gazte asko bahitu, desagertu, torturatu eta hil zituzten poliziako eta brigada zuriko kideek, baita armadako kideek eta militarrek ere", dio Mendozak liburuari buruz. Hori horrela, biktima diren protagonistek lehen pertsonan kontatutako istorioen bilduma liburua ondu du egileak.
Norbere izenean hitz egiten dute protagonista horiek guztiek, baina bizitako gertaera haiek orain "kontatu edo salatu ezin dituztenei ahotsa" ematea ere helburu dute. "Liburu honen helburu nagusiak dira garai hartan bizirik atera zirenei leku bat egitea, gerraren errepresio olatuan bizirik iraun ezin izan zuten kideen izenean hitz egitea, eta, batez ere, gure bizipena eta mina gizarteratzea, edozein herrialdetan eta munduko edozein txokotan tortura desagerrarazteko", azaldu du egileak.