"Bero honekin ez du sexurako gogorik ere ematen", esan du lagun batek, izerditan blai. Barrez lehertu gara.
Oporretan gaude, igerilekua eta hondartza urruti ez.
Zuk, ordea, bainatzeko aukerarik ez duzula izango pentsatu dut.
50 gradu inguru izango dira zu bizi zaren herrian, deserrian. Basamortuaren erdian. Eta urik ez.
Sakelako telefonoan azaldu zaidan bideoak gogorarazi dit duela bost urte gurekin zinela.
"Olatuak bezala" kantatzen ikasi zenuen, eskuak itsasoaren gisan mugitzen ere bai. Ordutik zenbat olatu igaroko ziren...
Barrabil batean arazoak zenituelako etorri zinen gugana, ez zedin gorputz puska hori gerora minbizi bilakatu.
Espero ez dela sortu minbizirik, baina zenbat min bizi izan ote duzu ordutik. Zenbat bizi izan ote duzu.
Zure antzeko azal kolorea duten gaztetxo batzuk ikusi ditut plazan, eta zuri begira nagoela iruditu zait. Zirrikitu batetik ikusten zaitut.
Ez dakit zergatik egiten diezun udaltzain eta ertzain guztiei kasu kalean gurutzatzean. Akaso zuk ere polizia izan nahiko duzu, edo militar, gerra irabazteko balioko badu.
Balkoitik behera pixa egiten ere ikusi zaitut. Ezin izan dut irribarre egitea saihestu.
Ordaintzeko inolako asmorik gabe tabernako barratik pintxoa hartzen ere harrapatu zaitut.
Jateko guztia gustatzen zitzaizun, eta jan eta jan egiten zenuen etengabe, botaka egiteraino.
Zer jaten ote zenuen zure herrian, jango ote zenuen egunero.
Udaberri bakoitzean oroituko zaitut, desertuko hautsak zikindutako hortzak agerian
Honezkero aspaldi utzi genion justizian sinesteari. Inoiz sinetsi badugu.
Akaso horregatik ez zenituen arauak gustuko.
Basati txiki bat zinen, inolako mugarik gabe.
Igerian jakin gabe ere, igerilekura egiten zenuen jauzi.
Beldurrik ez zenuen, mundu beldurgarri honetan.
Inbidia ematen zenidan. Galtzeko gutxi denean, izurik ez delako batere.
Eta zu bezala, zenbat jende, bere herritik bidalita.
Beste batzuen gerra, nola bilakatu den zuen. Elkar maitatzen ordez, gorrotatzen irakatsi diguten mundu honetan.
Maitasunean bai, baina San Balentin egunetan sinesten ez duen honentzat zure urtebetetze eguna izango da beti otsailaren 14a.
"Gaur zenbat bete ote ditu?", galdetuz, udaberri bakoitzean oroituko zaitut, desertuko hautsak zikindutako hortzak agerian.
Minak min, munduari haginak erakusten, irribarrez.
Saharako haurrak, Ukrainakoak... edo beste edozein gerratik ihes, uda honetan haurrak etxean hartu dituzuen guztioi, nire miresmen osoa.