Errekauek proiektua jarri nahi du martxan Azkoitiko Udalak, Herrixen elkartearekin eta Iraurgi Berritzen garapen agentziarekin elkarlanean. Zerbitzuak aplikazio bidez erosketa zerrenda egin, eta hura etxean edo kontsignan jasotzeko aukera eskainiko die herritarrei. Proiektua martxan jarri aurretik, ordea, udalak tresna digitalen inguruko formazio saioak antolatu ditu merkatarientzat eta azokako saltzaileentzat, Europako Next Generation funtsetatik lortutako diru laguntzak baliatuta.
Saio horietan, batetik, sektore horretako langileen aktibitate ekonomikoan onura eragin dezaketen tresna teknologikoak aurkeztuko dituzte, eta bestetik, haien erabilera azalduko dute. Udalak adierazi du "plataforma digitalak optimizatzeko" eta "ahalik eta erabilera eraginkorrena izaten laguntzeko" antolatu dituztela saioak. "Edukia oso praktikoa izango da eta marketin digitaleko adituek zuzenduko dute. Gainera, tokiko beste merkatari batzuekin harremana izateko eta ezagutzak zein esperientziak partekatzeko aukera emango du".
Formazio saioei ekin aurretik, aurkezpena egingo dute urriaren 16an, asteazkenez; lehen hitzordu horren ostean eskainiko dituzte formazioak, urte amaitu arte. Dena den, banakako formazio saio indibidualak ere eskainiko dituzte izena emandako herritarren dendetan eta saltokietan. Besteak beste, Google My Business erreminta, WhatsApp Business aplikazioa, Instagram, Facebook zein Tik Tok sare sozialak, Canva edota InShot eduki sortzaileak eta Chat GPT nahiz Microsoft Bing adimen artifizialeko aplikazioak ezagutzeko eta lantzeko parada izango dute izena ematen duten merkatariek.
Izen-ematea, zabalik
Hain justu, formazio saioetan parte hartu nahi duten guztiek urriaren 11ra arteko epea izango dute izena emateko. Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan egin ahalko da aurrez aurreko inskripzioa, eta elektroniko egin nahi duenak Azkoitiko Udalaren webgunean izango du aukera. Dena den, Herrixen merkatari elkarteak ere zabalduko die merkatariei izena emateko aukera. Azken aukera hori baliatu nahi dutenek, herrixen@hotmail.com helbide elektronikora idatzi beharko dute edo 608 31 30 24 telefono zenbakira deitu.