Anaitasuna Mendi Bazkuna sortu zela 75 urte bete dira aurten. Udan, mendizaleek San Joan sua pizteko aukera izan zuten Balda plazan, eta orain, lagunartean eguna igarotzeko data iragarri dute. Hain zuzen, urriaren 19an ospatuko dute taldekideek eta hala nahi duten guztiek mendi taldearen urteurrena. "Urteurren borobil hori ospatu nahi du mendi taldeak, eta ospakizunera gonbidatu nahi ditu azkoitiarrak", azaldu dute.
Hori hala, goizean goizetik hasiko dira ospakizunekin. 08:30ean, Kakueta mendira igoko dira mendizaleak Balda plazatik abiatuta. Handik jaitsitakoan, 13:30 inguruan, triki poteoa egingo dute trikitilariek lagunduta; herriko plazatik abiatuko dira kalejiran.
Jaiari segida emateko, bertso bazkaria egingo dute Andoni Egaña eta Joanes Illarregi bertsolariekin Joseba jatetxean, 14:30ean hasita. Anaitasuna Mendi Bazkunak jakinarazi du bertso bazkarirako izena eman beharko dela aurrez Lopetegi Iturgintzan; urriaren 4ra arteko epea eman dute antolatzaileek, eta 38 euro ordaindu beharko dira. Mendi bazkunak urriaren 19ko ekintzetan parte hartzera animatu ditu herritarrak.