Godwin Boahenek ez du Biele ISBko jokalaria izaten jarraituko. Iraurgi Saskibaloiak gaur, astelehena, jakinarazi du joko antolatzaile estatubatuarraren baja. Abuztuaren erdialdean fitxatu zuen Boahen ISBk, azken bi urteetan Huelva Comercio Viridis taldean aritu eta gero.
Dena den, estatubatuarra errehabilitazio prozesu batean murgilduta zegoen, eta bide hori "uste baino luzeagoa" izango dela nabarmendu du Azkoiti-Azpeitiko klubak. Hori horrela, Iraurgi Saskibaloiak sare sozialetan azaldu du bai Boahen bai ISB ados jarri direla elkarrekin zuten akordioa eteteko. Bide batez, Azkoiti-Azpeitiko taldeak etorkizunerako zorte ona opa nahi izan dio joko antolatzaileari, baita bere osatze biderako ere.
Brian Wallacken bajaren ondoren jakinarazi du orain ISBk Boahenena. Ostegunean jakinarazi zuen pibot kanadarraren baja, eta gaur eman du Boahenenaren berri. Biak ala biak ISBk udan egindako fitxaketak ziren. Ikusteko dago klubak orain merkatura joko duen edo ez.