43. Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketara aurkez daitezke lanak. Azkoitiko Udalak urriaren 31ra arteko epea eman du ipuinak aurkezteko, eta horrekin batera, lehiaketaren oinarriak kaleratu ditu. Guztira, 1.600 euro banatuko ditu erakundeak lehen hiru sarituen artean, baita oroigarriak ere; 700 euro jasoko ditu irabazleak, 500 euro bigarrenak eta 400 euro hirugarrenak.
18 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, eta haiek euskaraz idatzitako lanak aurkeztu ahal izango dituzte, gutxienez lau eta gehienez hamar orrikoak. Dena den, orriaren alde batetik bakarrik eta tarte bikoitzez idatzita bidali beharko dituzte parte hartzaileek beraien lana. Azkoitiko Udalari zuzenduta, Herriko enparantza z/g 20720, Azkoitia helbidera bidali beharko dira lanak, gaitzizenarekin izenpeturik eta gaitzizen berdina daraman itxitako kartazalean egilearen datu pertsonalak zehaztuz. Halaber, originalak eta inon argitaratu edota saritu gabekoak izan beharko dute lan horiek.
Erreleboa emanez
Udalak azaldu duenez, euskaraz idatzi duen lehendabiziko emakumearen "memoria gordetzea" du helburu Bizenta Mogel lehiaketak, eta bide batez, literatura, euskara eta berdintasuna uztartzea. Iazko urtera arte Azkoitiko Kultur Elkartea arduratu da lehiaketa antolatzeaz, eta haiek egin dute orain arteko edizioetan epaimahai lana, baina uzteko erabakia hartu dute.
"Erreleboa eskatu" dute, eta hori horrela, epaimahaia lagun berriek osatuko dutela adierazi du udalak. Hain zuzen, Yolanda Larrañaga, Juan Luis Zabala eta Iñigo Antsorregi azkoitiarrak arduratuko dira aurrerantzean lehiaketara aurkeztutako lanak epaitzeaz. Hiru lagun horiek abenduaren 14an hartuko dute lehiaketari lotutako azken erabakia.