Ikasturte berriko lehen bilkura egingo du bihar Azkoitiko Gazte Asanbladak

Andoni Elduaien 2024ko ira. 24a, 08:56

AGAk Elkargunean egindako bilkura bateko irudia. (AGA)

Elkargunean egingo dute ikasturte berriari ekiteko bilkura, 19:00etan. Helburuez, asmoez, kezkez eta ideiez arituko dira han. Jendea arduratzen duten arazoak "eztabaidatu eta tratatu" nahi dituztela azaldu dute gazte asanbladako kideek.

Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) ikasturtea hasteko 0. Asanblada irekia egingo du bihar, asteazkena, Elkargunean, 19:00etan hasita. Asanbladaren "jardun politizatzaileaz" arituko dira bilkuran, baita "antolatuta egoteak duen garrantziaz" ere.

Era berean, ikasturte berrirako helburuak "fintzea" nahi du AGAk bihar. Besteak beste, herriko eragile eta talde desberdinekin elkarlan edo harreman gehiago izatea, gazteengana gehiago iristea eta gai ezberdinen bueltan formatzea dira asmoetako batzuk. Gainera, andremarien balorazioa egiteko tartea hartuko dute, baita ikasturte berriaren antolaketa eta horren bueltako ekintzak pentsatu ere.

"Gazteria, eta oro har, herriko jendea arduratzen duten arazoak eztabaidatzen eta tratatzen ahaleginduko gara. Ikasturteko lehen asanblada izango denez, hasiera bat izango da guztiontzat, eta jendearen kezkak, ideiak nahiz asmoak elkarbanatzeko momentu ona izango da", azaldu dute asanbladako ordezkariek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide