Musikak eta merkataritzak bat egin zuten atzo Azkoitian, Musika Eguna eta Merkataritza Fest ospatu baitzituzten Oteiza frontoietan. Goizeko musika saoien ondotik, 16:00etarako zabaldu zuten hitzordurako egokitutako gunea, eta herritarren erantzuna beroa izan zen hasieratik, dozenaka eta dozenaka lagun elkartuta baitzeuden irekiera ekitaldirako. Saltoki txikien postuak zabaltzeaz gain, orduan hasi zen musika zaparrada frontoietan, eta Bulego taldea izan zen oholtzara igotzen lehena; espero bezala, zale ugari elkartu zituen taldearen emanaldiak.
Bulegoren ondotik, herriko musikariek jarraitu zuten kontzertuak ematen pilotalekuan jarri zituzten bi agertokietan: Juan Andres Unanue, Aitor Leon, Kitziki taldea, Eraldatzen taldea, Attitte DJa eta Cavan taldeak, hain zuzen. Beraz, askotariko doinuak entzuteko aukera izan zen gauera bitartean eta giro atseginean, eta musika saioen artean herritarrek merkatarien postuak bisitatzeko aprobetxatzen zuten, 20 bat jarduera batuta baitzeuden azokan: Aingeru Loradenda, Aitzaki Kirolak, Aizterri Home, Andueza arropa denda, Arrospide oinetakoak, Beatriz Pozo Dekorazioa, Noah arropa denda, Naiena arropa denda, N.K. Ile-apaindegia, Munibe arropa denda, Lukas lurrindegia, Odriozola Ardoak, Ibargoi Autoak, Hazia belar denda, Etxaniz autoeskola, Udatxo, Kiribil Zeramika, Ttakun taberna, Orbela taberna, Dona Doni Izozkiak eta Maite gozotegia.
Bien bitartean, gainera, Juan Bautista Mendizabal herriko kronistak bisita gidatua eskaini zuen Intsausti jauregian. Hasieran hango parkean egitekoak ziren Merkataritza Fest egitasmoa, baina eguraldi iragarpenak hala bultzatuta, lekuz aldatu zuten azkenenean. Edonola ere, Mendizabalek eskainitako bisitan ere dozenatik gora pertsonak parte hartu zuten.
(Argazkiak: Ane Olaizola eta Azkoitiko Udala)