Berdura Plaza eraberritzeko lanak gaur hasi dituzte. Azkoitiko Udalak jakinarazi du gaur goizean ekin dietela han obrei, eta datozen asteetan hainbat lan egingo dituztela. Hain justu, "gutxi gorabehera abenduaren erdi aldera arte" luzatuko dira Berdura Plazako lanak.
Batetik, eraikinaren estalkia berrituko dute, sabaian egun dauden fibrozementuzko plakak erretiratuz eta egurrezko egitura duen estalkia jarriz. Bestalde, ate metalikoak gidaridun ate automatikoengatik aldatuko dituzte, eta behin horiek ezarrita, barne atondoak jarriko dituzte. Udalak azaldu du ate metalikoek "pisu izugarria" dutela, "erdi irekita" egon ohi direla, eta hala, "aire korrontea sortu" ohi dela. Horregatik, Berdura Plazarako lau sarrera nagusietako egungo ateak gidaridun ate automatikoengatik ordezkatuko dituzte. Instalazio elektrikoak berritu eta LED argiteria jarriko dute gune osoan, eta plaza ere pintatuko dute. Azkenik, Ibaiondo kaletik dauden bi eskailera mailak kendu eta arrapalak eraikiko dituzte, gunea irisgarriagoa eginez.
Udalak azkeneko Kontzejupetik aldizkarian jakinarazi zuen hiru enpresa aurkeztu zirela Berdura Plaza eraberritzeko proiektuaren lehiaketara, eta erakundeak Egurki eraikuntza enpresari esleitu zizkiola. Hain justu, Egurkik 596.193 euroko (BEZ barne) oinarrizko aurrekontua izango du lanak gauzatzeko. Dena den, proiektuaren zati bat Europar Batasunaren Next Generation EU funtsetatik jasotako diru laguntzarekin finantzatuko dute.
Sarbide bat itxita
Segurtasuna bermatze aldera, Udaltzaingoaren bulegoren ondoko azokarako sarbidea itxi egin dute, eta ondorioz, herriko plaza eta Ibaiondo kalea lotzen dituzten pasaguneetako bat ere bai. Dena den, herritarrek azokara eraikinaren beste aldetik sartzeko aukera izango dute, zehazki Agirre lehendakaria ibilbideko atetik.