Berdura plaza eraberritzeko lanak esleitu ditu Azkoitiko Udalak. Hiru enpresa aurkeztu dira lehiaketara, eta erakundeak Egurki eraikuntza enpresari esleitu dizkio obrak. Hark 596.193 euroko (BEZ barne) oinarrizko aurrekontua izango du lanak gauzatzeko.
Udalak bigarrenez atera zituen azoka plazako lanak lizitaziora otsailean, lehenengo deialdia hutsik geratu ondoren. Izan ere, orduko hartan enpresa bakarra aurkeztu zen eskaintzara, baina hark ez zituen betetzen "eskakizun teknikoak". Udalak pleguak egokitu zituen ondoren, eta besteak beste, 100.000 euro gehiago bideratu zituen bigarren lizitazioaren aurrekontura, udal aurrekontuetan kreditu aldaketa bat eginda.
Azpiegitura hori "gune erakargarriagoa, erosoagoa eta irisgarriagoa" egiteko asmoz, hainbat eraberritze lan egingo ditu udalak azoka plazan: batetik, sabaiko fibrozementuzko plakak kendu eta egurrezko egitura duen estalkia jarriko dute. Bestetik, kanpoko ate metalikoen pisu handia dela eta, erdi irekita egoten dira, aire korrontea sortuz. Horri irtenbidea emateko, lau sarrera nagusietan gidaridun ate automatikoak jarriko lirateke eta barne atondoak eraikiko lirateke. Ateez gain, instalazio elektrikoak eta luminariak berrituko lirateke LED argiteria jarrita, eta pintaketa lanak ere burutuko lirateke. Irisgarritasunari dagokionez, Ibaiondo kaletik sartzerako arrapalak jartzea da asmoa.