Berriz ere iritsi da odola emateko ordua azkoitiarrentzat. Astelehenean, hileko bigarren odol ateraldiak egingo dituzte Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Oraingoan, gainera, goizez zein arratsaldez bilduko du odola Euskadiko Odol Emaileen Elkarteak; hain zuzen, 09:30etik 13:00etara eta 16:30etik 20:30era izango dute herritarrek odola emateko parada.
Odol erreserben egoera hilaren hasieran baino hobeagoa den arren, odol emaileen elkarteak odola ematera deitu dituzte azkoitiarrak, mota batzuen erreserbek "maila baxuan" jarraitzen dutela eta. Hain zuzen, A+, A- eta B- odol moten erreserba mailak behea jota daude, eta elkarteak odol mota hori duten herritarrei egin die astelehenerako dei berezia. Aldiz, B+ mota egoera onean aurkitzen da gaur-gaurkoz, eta erreserbak erdi mailan dituzte gainerako odol motek, ondorengo irudian ikusten den moduan.
Astelehenean odola eman ohi duten herritarrek honezkero hitzartuta dute ordua, baina ematen hasi nahi dutenek edota informazio bildu nahi dutenek 610 11 21 45 telefono zenbakira deitu beharko dute. Astelehenekoa iraileko bigarren hitzordua da; izan ere, hilaren 2an egin zituzten hilabete honetako lehen ateraldiak, eta orduan 90 odol poltsa bildu zituzten —90 herritarrek eman zuten odola—.