Herrixen merkatari elkarteak eta Azkoitiko Udalak larunbaterako antolatu duten Merkataritza Fest egitasmoak aldaketak izango ditu. Eguraldiak laguntzen ez bazuen, festa Intsaustitik Oteiza frontoietara lekualdatuko zutela abisua aurrez emana zuen udalak, eta iragarpenak eguraldi ona ziurtatzen ez duela ikusita, lekualdaketa gauzatzea erabaki dute. Ez hori bakarrik, ordea; Balda plazan eskaini behar zituzten kontzertu guztiak ere Oteiza frontoietan izango dira azkenean, eta egitarauan ere aldaketak egingo dituzte.
Askotariko merkataritza, ostalaritza, artisautza eta zerbitzuak elkartuta antolatu dute larunbateko Merkataritza Fest-a; hogei bat jarduera batuko dituzte, guztira: Aingeru loradenda, Aitzaki Kirolak, Aizterri Home, Andueza arropa denda, Arrospide oinetakoak, Beatriz Pozo Dekorazioa, Noah arropa denda, Naiena arropa denda, N.K. ile-apaindegia, Munibe arropa denda, Lukas lurrindegia, Odriozola Ardoak, Ibargoi Autoak, Hazia belar denda, Etxaniz autoeskola, Udatxo, Kiribil Zeramika, Tta-kun taberna, Orbela taberna, Dona Doni Izozkiak eta Maite gozotegia. Frontoietan izanda ere, 16:00etan zabalduko dituzte saltokien postuak, eta herritarrek haien produktuak ikusteko zein erosteko aukera izateaz gain, jan-edanerako postuak ere izango dituzte ostalarien eskutik.
Kontzertu denak frontoietan
Dena den, Musika Eguna ere antolatu du udalak etzirako. Azkoitia 700 batzordeak sustatu du musikaren festa, eta 10:00etatik iluntzera bitartean, askotariko kontzertuak izango dira herrian. Hasiera batean, Balda plazako oholtzan eskaini behar zituzten kontzertu guztiak, baina festa gune bakar batean pilatzea erabaki dute udalak eta festaren sustatzaileek, eta hori horrela, Baldako kontzertuak ere Oteiza frontoietan izango dira; izan ere, emanaldietarako bi oholtza jarriko dituzte han.
Eguerdira artean, Txalkor txistulari taldeko kideak eta Bizkargi musika eskolako trikitilariak kalejiran ibiliko dira herrian zehar; 12:00etan, Albi DJak eskainiko du frontoietako aurreneko emanaldia, eta 16:00etan merkatariek zein ostalariek postuak ireki orduko hasiko da Bulegoren kontzertua. 17:00etan, berriz, Juan Andres Unanueren txanda izango da, eta 18:00etan, Aitor Leonena. 19:00etan hasiko da Kitziki taldearen kontzertua, eta handik aurrera, orduero izango dira emanaldiak, hala nola Eraldatzen (20:00), Attitte DJa (21:00) eta Cavan (22:00).
Hemen zapatuko egitaraua, osorik:
- 10:00. Txalkor txistulari taldearen kalejira.
- 11:00. Bizkargi musika eskolako trikitilari eta pandero joleen kalejira.
- 12:00. Albi DJa.
- 16:00. Merkatarien eta ostalarien postuen irekiera ekitaldia.
- 16:00. Bulego taldearen kontzertu akustikoa.
- 17:00. Juan Andres Unanue.
- 18:00. Aitor Leon.
- 19:00. Kitziki taldea.
- 20:00. Eraldatzen taldea.
- 21:00. Attitte DJa.
- 22:00. Cavan taldea.