Saskibaloiko liga denboraldiari ekin aurretik ohikoa den txapelketa jokatuko du asteburuan Domusa Teknik ISB taldeak. Luis Agirre Katxi entrenatzaile azpeitiarrak zuzentzen duen taldeak LF Challenge eta LF2 mailetako Euskal Kopa jokatuko du bihar hasita. Arrasateko (Gipuzkoa) Ointxe! taldea izango du arerio finalerdian Azkoiti-Azpeitiko taldeak, Galdakaoko (Bizkaia) Urreta kiroldegian, 20:00etan.
Beste finalerdian, berriz, Barakaldoko (Bizkaia) HGB Horbisa Green KW Ausarta Barakaldok eta etxean arituko den Galdakaoko Ibaizabal taldeak jokatuko dute finalerako sailkapena. Bi finalerdietako irabazleek igandean, hilak 22, jokatuko dute finala leku berean, 12:00etan hasita. Galdakaoko Santa Krutz jaiak tarteko jokatuko dute Bizkaiko herri horretan txapelketa, eta ikusleentzako sarrera doakoa izango da.
Gizonak, Espainiako Kopan
Bestalde, gizonen Biele ISBk joan den asteburuan jokatu zuen Espainiako Kopako bigarren jardunaldia. Aurreneko deman 90 eta 68 galdu zuten Iñaki Merinorenek Inveready Gipuzkoa Basketen aurka Azkoitian, baina joan den asteburuan garaipena eskuratu zuten Zornotzan (Bizkaia), Teknei Bizkaia Zornotzari 62 eta 80 irabazita. Hirugarren jardunaldian, berriz, ISB bera izango da atseden hartuko duena, eta kopako hirugarren partida urriaren 22an jokatuko du etxean, 20:00etan, Oviedoren aurka. Azaroaren 12an, ordu berean, kantabriarren aurka arituko dira nor baino nor gehiago, orduan ere etxean.
Soilik multzo buruek lortuko dute txapelketako final laurdenetara sailkatzea, eta beraz, ISBk etxeko partidak baliatu beharko ditu aurrera egiteko. Ordea, sailkapenari begiratuta, pare-parean daude taldeak gaur-gaurkoz B multzoan. Gipuzkoa Basketek, Grupo Alega Cantabriak eta Biele ISBk garaipen bana dute, eta oraindik lehia bakarra jokatu duten Oviedok eta Zornotzak galdu egin dituzte beraien neurketak —atseden jardunaldi bana izan dute bi taldeek—.