Unai Izagirrek igandeko Elgoibarko saioan helduko dio Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehiari

Iraia Oteiza 2024ko ira. 19a, 10:19

Unai Izagirre artxiboko irudi batean.

2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako beste  bi final zortzireneko jokatuko dituzte asteburuan, Lazkaon eta Elgoibarren. Izagirre igandeko saioan arituko da, 17:00etan, Elgoibarko Herriko Antzokian. Eneritz Artetxek, aldiz, hilaren 28an ekingo dio lehiari, Hondarribian.

Unai Izagirre bertsolari azkoitiarrak asteburu honetan ekingo dio 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehiari. Aurreko asteburuan bezalaxe, bi final zortzireneko jokatuko dituzte asteburu honetan ere, bata Lazkaon eta bestea Elgoibarren. Hain zuzen, Izagirrek Elgoibarren kantatuko du igandean, 17:00etan, Herriko Antzokian. Libe Goenaga, Eli Pagola, Eneko Araiztegi, Iñaki Apalategi eta Uxue Fernandez ariko dira saio berean.

Eneritz Artetxe azkoitiarrak ere txapelketako final zortzirenetan parte hartuko du hilaren 28an, Hondarribiko Itxas Etxea auditorioan. Oier Aizpurua, Ane Beloki, Aratz Igartzabal, Maddi Aiestaran eta Unai Gaztelumendirekin batera arituko da Artetxe.

Udaberrian jokatu zuten Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean lortu zuten Izagirrek eta Artetxek Gipuzkoako txapelketarako txartela.

Final laurden bat, Baztartxon

Final laurdenetan sartuko dira lehian aurreko txapelketatik sailkatuta zeuden bertsolariak. Bost saiotan banatutako jokatuko dituzte final laurdenak, eta horietatik hirugarrena, urriaren 26koa, Azkoitian izango da. Final laurdenetatik sailkatutakoekin batera ariko da Azkoitiko saioan dagoeneko sailkatuta dagoen Ane Labaka.

Txapelketaren saio guztiak, finala barne, 17:00etan hasiko dira. Saio guztietarako sarrerak salgai daude Bertsosarrerak.eus webgunean. Bertsozale Elkarteko bazkideek eta gazteek prezio berezia izango dute sarreretan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide