Israel Palestinan egiten ari den sarraskia ardatz duen Begiek min eman arte erakusketa zabalduko du Mertxe Amondarrain Lasa tolosarrak ostiralean Portaleburu aretoan. Kazetari palestinarrek egindako argazkiak abiapuntu izanda, Gazan bizitzen ari diren "gizagabekeria eta zentzugabekeria" irudikatu nahi izan du Amondarrainek 30 marrazki digitalen bidez, eta datozen bi asteetan ikusi ahal izango dira lan horiek. Ostiralean zabalduko dute erakusketa, 18:00etan, eta irekiera ekitaldian izango da, besteak beste, UNRWA-Palestina Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziako Euskadiko delegatu Barbara Ruiz Balzola.
Iazko urrian, "Gazako sarraskia hasi zenean", "ezindua" sentitu zela azaldu du Amondarrainek, eta sentimendu horretatik jaio zen etzi Azkoitian zabalduko duen erakusketa: "Urteak neramatzan Maruja Torres kazetariaren lana jarraitzen, eta berak esan zuen Gazan gertatzen ari zenari begiratu behar geniola 'begiak odoletan hasi arte'. Hori egingo nuela pentsatu nuen: zer gertatzen ari zen ikusi, 'begiak odoletan hasi arte'. Lagun bat agertu zen tableta batekin, eta hori izan zen erakusketa honen hasiera”. Begirada horren emaitza dira ikusgai jarriko dituen marrazkiak, artistaren esanetan. “Bizitzaren kontakizuna ere badira, batez ere, eta hala eta guztiz ere”.
Ostiraletik hilaren 29ra bitartean egongo da erakusketa ikusgai, ondorengo ordutegian: ostiraletan 18:00etatik 20:00etara zabalduko dute; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta igandetan 12:00etatik 14:00etara.