Plaza Ondo Azkoitiko jubilatuen elkarteak zenbait ikastaro antolatu ditu ikasturte berrirako. Horietarako izen-ematea zabalik egongo da iraila amaitu bitartean, baina yoga ikastarorako plaza guztiak jada bete direla jakinarazi du elkarteak. Adierazi duenez 49 bat lagunek eman dute izena yoga ikastaroan, eta aurrerantzean izena ematen dutenak itxaron zerrendan jarriko dituzte, gehiagorentzako lekurik ez dagoelako.
Gainerako ikastaroak bezalaxe, urrian hasiko dira yoga eskolak ere. Astelehenetan eta asteazkenetan 15:30etik 16:30era eskainiko dute ikastaroa, astearteetan 15:00etatik 16:00etara, eta ostiraletan 09:30etik 10:30era.