Ansolak, Amadok eta Karrerak bigarren postua lortu dute taldeka Espainiako Arrantza Txapelketan

Iraia Oteiza 2024ko ira. 18a, 10:38

Amado, Karrera eta Ansola euskal selekzioarekin batera, sari banaketaren unean. (Espainiako Arrantza Federazioa)

Palentziako Carrion ibaian aritu dira lehian hiru azkoitiarrak, euskal selekzioa ordezkatuz. Bakarka ere emaitza onak lortu dituzten arren, taldeka lortu dute emaitzarik onena: 21.820 punturekin, bigarren postua eskuratu dute.

Orion ehiza eta arrantza elkarteko Aimar Ansola, Julen Amado eta Joanes Karrera azkoitiarrek euli salmonido gazteen arrantzako Espainiako txapelketan parte hartu zuten joan den irailaren 5etik 8ra bitartean. Palentziako Carrion ibaian aritu ziren lehian hirurak, euskal selekzioa ordezkatuz.

Bakarka egindako lanean emaitza onak lortu zituzten azkoitiarrek: Aimar Ansola 5. sailkatua izan zen, orotara 6.915 puntu eskuratuta; Joanes Karrerak 8. postua lortu zuen, 5.755 punturekin; eta Julen Amado 22. sailkatua izan zen, 3.230 punturekin.

Ansola, Karrera eta Amadorekin batera, beste hiru euskaldunek osatu zuten euskal selekzioaren taldea Espainiako lehian. Hain zuzen, bigarren postua eskuratu zuten horiek taldeka, euskal selekzioaren izenean, orotara 21.820 puntu lortuta. Galiziako taldea izan zen txapelketako irabazlea, 30.865 puntu eskuratuta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide