Asteburu makurra izan da Anaitasunako talde nagusientzat

Ane Olaizola 2024ko ira. 16a, 10:25

Ohorezko Erregional Mailako taldearen ostiraleko partida. (Anaitasuna)

Gizonek zein emakumeek partida bana galdu dute asteburuan, eta denboraldiaren hasieran, sailkapenaren hondarrean dira biak ala biak.

Punturik lortu gabe igaro dute asteburua Anaitasunaren talde nagusiek, gizonen zein emakumeen lehen taldeek partidak galdu baitituzte denboraldiko aurreneko eta bigarrengo jardunaldian, hurrenez hurren.

Anaitasunaren gizonen talde nagusiak ostiralean hasi zuen futbol denboraldia Ohorezko Erregional Mailan, eta porrota jaso zuen Deustu Donostiaren aurka jokatu zuen lehen neurketan, taldeek 4-0 amaitu baitzuten partida. Partidaren seigarren minutuan sartu zuen Donostiako taldeak aurreneko gola, eta lehen zatia amaitzerako partidako lau golak sartuak zituen. Atsedenaldiaz geroztik, berriz, ez zen mugitu markagailua. Horrenbestez, lehenengo jardunaldiaren ondotik sailkapeneko azken postuan kokatu da Loren Barbadoren taldea.

Euskal Ligako taldeak, berriz, ligako bigarren jardunaldia jokatuko zuen larunbat arratsaldean, eta Mikel Barquerok zuzentzen duen taldeak Elorrio hartu zuen etxean. Neurketaren atarian, gainera, Ane Juaristi, Maider Badiola, Libe Urtzelai eta Zihara Gabilondo jokalari ohiak omendu zituen taldeak, haien Anaitasunan egin duten ibilbideari gorazarre egiteko; Zuen lorratzak gure bide zioen pankarta atera zuten egungo taldeko kideek, eta plaka bana entregatu zioten.

Behin partidan, emakumeek ere ezin izan zuten arerioa mendean hartu, baina haien neurketa estuagoa izan zen: partidaren lehen zatian Elorrio bi golen aldearekin irabazten joan zen, baina Kalarek baloia sarera sartzea lortu zuen Mariaren pase bat baliatuz. Markagailuko aldea murrizteko balio izan zien gorritxoei, eta berdinketa "gertu" izan zuten arren, ezin izan zuten bigarren gola sartzerik izan, eta 1-2 amaitu zuten haien neurketa. Gaur-gaurkoz, Euskal Ligako sailkapeneko 16. postuan da Anaitasuna.

Juaristi, Urtzelai, Gabilondo eta Badiola, oroigarriekin. (Anaitasuna)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide