Musika, pintura eta poesia batzen dituen Hi haiz zuhaitz emanaldia eskaini zuten atzo arratsaldean Azkoitiko Baztartxo antzokian. Hainbat arte diziplinak eta metaforek bat egiten duten ikuskizunaren sortzaileak Gorka Larrañaga margolari azkoitiarra, Andoni Salamero poeta eta Pello Ramirez musikaria dira, eta atzo Azkoitian eskaini zuten saiora batu ziren Iraurgi abesbatza, Araitz Etxaniz trikitilaria eta Naia Arrizabalaga bertsolaria. Dozenaka herritar joan ziren Baztartxora ikuskizunaz bertatik bestera gozatzera.
Sustatzaileen arabera, honako hau da ikuskizunaren abiapuntua: "Lau lagun, txelo jotzaile bat, margolari bat, abesbatza bateko zuzendaria eta poeta bat paseatzera atera dira mendira, eta ibilian baso suntsitu bat ikusi dute. Triskantza haren inguruko guztia misterio handia da, norbait edo zerbait izan da ezbehar horren eragilea. Basoa berreskuratzeko asmoz, lau lagunak leku hura zaharberritzeko burutazioa izango dute, horretarako, bakoitzak dituen gaitasunez baliatuko dira". Hain zuzen, sortzaileek pertsonen "barruarekin" alderatzen dute basoa: "Geuk gure pentsamendu, sentimendu, portaera hala nola ekintzez, egunero, desitxuratzen edo itxuratzen dugu bakoitza den zuhaitza, eta baita gure inguruan ditugun giza zuhaitzen ingurunea ere, hain zuzen, portaera, pentsamendu zein sentimendu horiek eragiten baikaituzte".
Haien arabera, "beldurra eta maitasuna" dira ikuskizunaren muina: "Kanporatzen dugun bizitzatik, sortzen dugun errealitate anitz eta bakar horren erantzuleak eta fidatzaileak geu gara, eta horregatik, hobe da barnetik hartzen dugun erabakia egokia izatea, gizakiak gorrotatu baino, elkar ulertzeko". Bide horretan, "elkartasuna, beratasuna eta errespetua" aldarrikatzen dituzte.
Azkoitia 700 egitarauaren barruan antolatutako ikuskizuna izan zen atzokoa.
(Argazkiak: Azkoitiko Udala)