Mangaixue, seigarrenez

Iraia Oteiza (Gipuzkoako Hitza) 2024ko ira. 13a, 14:31

Mendi-bizikleta martxa egingo dute bihar Azkoitian. Parte hartzaileek bi ibilbide izango dituzte aukeran: 33 kilometrokoa eta 25ekoa. Gipuzkoako HItza-n argitaratutako artikulua.

Udazkena mendian ibiltzeko garai aproposa izan ohi da askorentzat. Perretxikoak biltzeko ez ezik, mendi lasterketak eta mendi martxak egiteko unea da, oinez, korrika zein bizikletaz. Horren adibide da bihar Azkoitian egingo duten VI. Mangaixue mendi-bizikleta martxa. Anaitasuna mendi bazkunak antolatzen du.

Aurreko aldietan izandako arrakasta ikusita, Azkoitian seigarrenez antolatu dute bizikleta martxa, eta aurtengoan ere bi ibilbide izango dituzte aukeran parte hartzaileek: luzea –33 kilometrokoa, 1.500 metroko desnibel positiboarekin–, edo motza –25 kilometrokoa, 1.100 metroko desnibel positiboarekin–. 15:15ean hasiko da mendi-bizikleta martxa, Plazaberrin.

Asteon itxi da izen ematea, baina bihar ere izango da horretarako aukerarik. Hain zuzen ere, horretarako propio prestatutako postuak izango dira Plazaberrin, eta hara jo beharko dute azken unean mendi martxan parte hartzea erabakitzen dutenek. 

Gehienez ere, hirurehun lagunek eman dezakete izena, eta, antolatzaileen ustetan, aurtengo parte hartzaile kopurua ez da kopuru horretatik urruti ibiliko. "Eguraldiak lagundu izan digun urteetan 250 bat lagunek parte hartu izan dute proban; txarra egin izan digunetan, berriz, 180 batek", esan dute antolatzaileek. "Badirudi eguraldi ona izango dugula aurten, eta, beraz, berrehun pertsonatik gora espero ditugu".

Izen ematearekin eta probarekin lotutako zehaztapen gehiago ere egin dituzte antolatzaileek. Argitu dute 18 urtetik beherakoek heldu baten baimena beharko dutela Mangaixuen izena emateko; bizikleta elektrikoekin ere parte hartu ahal izango dela; zuhaitz mozketarik izanez gero, ibilbidean azken orduko aldaketak izan daitezkeela; eta parte hartzaileek dutxatzeko aukera izango dutela, baita bizikletak garbitzeko ur mahukak erabiltzekoa ere. Anoa guneak jarriko dituzte ibilbideko zenbait tokitan, eta amaieran opariak jasoko dituzte parte hartzaileek, eta zerbait jateko eta edateko aukera ere izango dute. 

Martxa, ez lasterketa

Aurrenekoz 2016an egin zuten Azkoitiko Mangaixue mendi bizikleta martxa. Gisa horretako martxen zaleak diren Azkoitiko gazte batzuk hasi ziren proba antolatzen, beste herri batzuetakoak Azkoitian ere sustatzeko asmoz. "Parte hartzaileek martxaren ibilbide osoaz eta bukaeraz gozatzea nahi dugu, eta traturik onena eman nahi diegu", esan du Ander Garate Anaitasunako kide eta probaren antolatzaileetako batek. "Hori kontuan hartuta antolatu ditugu probaren sei aldiak, argi baitugu Mangaixuen parte hartzen dutenak gustura sentitzea nahi dugula". 

Gainera, Garatek argitu du Mangaixue ez dela lasterketa bat, "mendi-bizikleta martxa herrikoia" baizik, eta, horrenbestez, ez dagoela irabazlerik. "Helburua da Azkoiti inguruan buelta polit bat ematea, inolako lehiakortasunik gabe. Politena izaten da hori". Herritar oro gonbidatu du proban parte hartzera, edonoiz baitago martxa utzi eta herrira itzultzeko aukera.

"Ona da entrenatzea eta ibilbideaz gozatzea, baina ezeri inori kalte egin gabe egin behar dugu hori"

Ander Garate / Anaitasuna MB

Garatek dio halako martxa bat antolatzeak "lan handia" eskatzen duela, eta, horregatik, hilabeteak pasatu dituztela proba prestatzen. Azken asteak, batik bat, "mendiko bideak garbitzen eta txukuntzen" eman dituzte, eta kuadrillakoek eta ingurukoek lagundu diete zeregin horretan. 

"Errespetuz jokatzeko» eskatu die parte hartzaile guztiei, «ingurumena zainduz eta inguruan inolako zaborrik utzi gabe". Ingurumenarekiko ez ezik, baserritarrenganako eta proba igarotzen den lurren jabeekiko ere eskatu du errespetua, ez martxaren egunean bakarrik, baita gainerako egunetan ere. "Mangaixue martxan jarri genuenetik, mugimendu handiagoa nabari dugu bide horietan. Ona da entrenatzea eta ibilbideaz gozatzea, baina inori kalte egin gabe egin behar dugu hori", esan du Garatek. "Adibidez, itxita dauden ateak eta hesiak irekiz gero, itxi egin beharko ditugu berriz ere, eta baserrien ondotik ez genuke abiadura azkarrean igaro beharko, errespetu hutsagatik bada ere". Izan ere, baserritar batzuk kexu agertu direla azaldu du Anaitasunako kideak. Are, baserritar batek baino gehiagok esan du ez dutela Mangaixue bertatik igarotzerik nahi. Ondorioz, "errespetuaren beharra" aldarrikatu du antolakuntzak. 

Gogorra, baina ederra

Mangaixue giharretako minari edo nekeari esaten zaio AzkoitianHain zuzen ere, proba egin ondorengo sentsazioari erreferentzia egiteko asmoz, bizikletako mendi martxa baterako izen egokitzat jo zuten antolatzaileek.

Jakes Urangak probaren aldi guztietan parte hartu du, eta, beraz, seigarren aldia izango du aurtengoa. Uste du martxak "ondo merezita" duela Mangaixue izena: "Egia da proba gogorra dela, eta nekea eta giharretako mina eragiten dituela, baina, aldi berean, martxa ederra da. Herrian eta herriko jendearekin irtetea beti da berezia". 

Amaia Aizpuruk bost aldiz egin du proba, eta esan du lokatzez zikintzeak eta paraje ezagunetan ibiltzeak gozarazten duela: "Jolas parke batean eguna igarotzea bezalakoa da Mangaixuen parte hartzea, nekatu arren adrenalinaz betetako unea izaten baita". Proban irten ohi den emakume bakarrenetakoa da Aizpuru, eta parte hartzeko zalantzan direnak probatzera gonbidatu ditu: "Esperientzia gogoangarria izaten da".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide