'Flanagan' EP berria kaleratu du Trini Fox taldeak

Maialen Etxaniz 2024ko ira. 13a, 12:12

'YK Riders' bideokliparen grabaketako irudia. (Kulturaz)

Lau kantuz osatutako lana da kaleratu berri dutena. Besteak beste, Lide Hernando, Juanjo Berasain eta Zigor DZ musikarien kolaborazioak izan dituzte proiektu berrian. Hilaren 20an aurkeztuko dute Matadeixen. 

Azken hilabeteetan labean izan ostean, gaur kaleratu du Trini Fox musika taldeak Flanagan izeneko EP berria. Lau abestiz osatutako lana da gaur plazaratu dutena, eta euskal eszenan sona duten hainbat musikariren kolaborazioa izan dute proiektu berrian. 

Iñaki Zubeldia (bateria eta koruak) eta Iosu Garate (gitarra eta koruak) azpeitiarrek, Suharri Aranburu (ahotsa eta gitarra) azkoitiarrak eta Xabier Iñurrieta (baxua eta koruak) bergararrak osatzen dute Trini Fox musika taldea, eta punk rock, stoner, hard rock edota rock alternatiboa jorratzen dituzte haien abestietan. 

Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean egin dute EParen grabaketa, Zestoako Gaztain estudioan. Bertan grabatu dituzte Flanagan osatzen duten lau abestiak: Ez dut magian sinesten (Lide Hernandoren kolaborazioarekin); YK Riders (Juanjo Berasainen kolaborazioarekin), Flanagan eta Sabotajea (Zigor DZren kolaborazioarekin). 

Azpeitiko YK Riders taldeko lagunei abesti bat eskaini diete Trini Fox taldeko musikariek, eta bideoklipa ere egin dute. Hain zuzen, abesti horrentzako grabatutako bideoklipa ere kaleratu dute gaur. Kulturaz kooperatibak ekoiztu du bideoa.

Hilaren 20an, ostiralez, aurkeztuko dute Flanagan Matadeixen, 22:30ean hasita. 

Kaleratu berri dutenarekin, bost dira Trini Foxek kaleratu dituen lanak:

  • Flanagan EP (2024)
  • Deabrua EP (2022)
  • Ataraxia LP (2020)
  • Letaginak LP (2017)
  • Bila nabil EP (2016)

Hona hemen YK Riders abestiaren bideoklipa: 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide