Mugi Azkoitia kirol orientazio zerbitzua eta Pasira egitasmoa martxan dira beste urte batez, udan etenaldia egin ostean. "Osasun komunitarioa" babesten jarraitzeko hasi dira bi egitasmoak berriz lanean, bataren zein bestearen helburua baita jarduera fisikoa egiten ez duten herritarrak horretara animatzea, sedentarismoari aurre egiteko, eta horrekin batera, gizarte harremanetan eragitea.
Hori horrela, Pasira egitasmoa datorren ostegunean, irailaren 19an, hasiko da. Ostegunero egingo dituzte ibilalditxoak 10:00etan Aizkibel liburutegian elkartuta, eta parte hartu nahi dutenek bertara agertu besterik ez dute. Gainera, antolatzaileek gogoratu dute ibiltzeko zailtasunak dituztenek lagunduta egin dezaketela pasiera, Izarraitz Lanbide Heziketan Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonen Arreta gradua egiten ari diren begiraleek erabiltzaileekin egiten baitute ibilaldia.
Horrez gain, kirol orientazio zerbitzua zabalik dago dagoeneko, jarduera fisikoa egin eta ohitura osasungarriak txertatu nahi dituzten guztiei zuzenduta. Izan ere, kirol orientatzaile batek hainbat aholku eta jarraibide ematen dizkie hara joaten direnei, haien egoera fisikoa, beharrak, baliabideak eta lehentasunak kontuan hartuta. Astearteetan, ostegunetan eta ostiraletan eskaintzen dute zerbitzua Kultur Etxean, 9:00etatik 13:00era, eta asteazkenetan anbulatorioan. Era berean, astearteetan arratsaldez ere ematen da zerbitzua Kultur Etxean, 14:00etatik 18:00etara artean. Harremanetarako, berriz, 688 76 39 63 telefono zenbakira deitu edo koz@azkoitia.eus helbide elektronikora mezua idatz daiteke.
Era berean, aurten Mugi Azkoitiak ibilketa nordikoa praktikatzeko aukera eskainiko du astero. Kasu horretan, astearteetan egingo dituzte saioak, 15:15etik 16:15era, Elkargunetik abiatuta. Urriaren 1ean, gainera, ibilaldi luzeagoa egingo dutela aurreratu dute: Azkoititik Zumarragara joango dira oinez, eta handik autobusez itzuliko dira.