Sahatsak dantza emanaldia eskainiko du igandean, plazan

Ane Olaizola 2024ko ira. 12a, 09:22

Sahatsako dantzariak, iazko emanaldi batean. (Andoni Elduaien)

Sahatsa Azkoitiko plazan izenpean, hiru ordu laurdeneko emanaldi "bizi eta koloretsua" eskainiko dute dantzariek, Juan Luis Lizaberen zuzendaritzapean.

Sahatsa dantza taldeak Sahatsa Azkoitiko plazan ikuskizuna eskainiko du datorren igandean herriko plazan. Juan Luis Lizaberen zuzendaritzapean, dantzariek azken sormen lana taularatuko dute herritarren aurrean, 19:00etan.

Sahatsak joan zen ekainean taularatu zuen Azpeitian ikuskizun berria, eta orduko emanaldi hura Azkoitira egokituko dute orain: 11 musikarik girotutako hiru ordu laurdeneko emanaldi "bizi eta koloretsua" izango da, beraz, igandekoa. Otsagabiko dantza hautatuekin abiatuz, Auñamendien azpiko ibarreko bizilagunen jota, lapurtar inauterietako zirtzin koloretsu eta alaia, Zuberoako branle eta barrikaden oin-jokuetan oinarritutako sortu berri den dantza irudia, segalarien apustu nahiz Nafarroako zezen kalejiren antzezpenaz gozatzeko aukera ematen duen ikuskizuna prestatu dute Sahatsakoek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide