Udako etenaldiaren ostean martxan hasiko da Azkoitia Lagunkoia datorren astean, adinekoak ardatz hartuta "ingurunea hobetzen" jarraitzeko helburuarekin. Hori hala, datorren astelehenean sasoi berriko aurreneko bilera egingo du taldeak Elkargunean, 18:00etan. Modu horretan ekingo diote hileroko bilerei, eta taldeak gogoratu du batzarrak irekiak direla eta edonork egin ditzakeela ekarpenak.
Azkoitia Lagunkoia 2017an batu zen Euskadi Lagunkoia egitasmora, eta bere eginkizuna da udalerri lagunkoiagoa eraikitzen laguntzea, "pertsonen arteko bizikidetzarako ingurune inklusiboak eta irisgarriak" sustatuz. Horretarako, askotariko egitasmoak prestatu izan dituzte azken urteetan: esaterako, Pasira egitasmoan parte hartzen du, eta mugikortasun arazoak dituztenentzat etxez etxeko liburu mailegu zerbitzua ere jarri zuen abian maiatzean; emakumeen irakurle taldea ere Azkoitia Lagunkoiaren aterkipean gauzatzen da.