Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia jokatu dute gaur Donostiako uretan, eta aurreikuspen guztiak betez, Bermeorentzat izan da bandera. Bermeoko (Bizkaia) taldean aritzen da Jon Unanue Dukie arraunlari azkoitiarra, eta beraz, harentzako egun handia da gaurkoa. Guztira, sei Kontxako Bandera irabazi ditu Unanuek gaurkoarekin, seiak Bermeorekin.
Unanuek adierazi duenez, gaurkoan ez dute "ezer berezirik" egin. Gogor ekin diote lehiari hasiera-hasieratik, eta lortu dute helburua; irabaztea. Arrauna kirol "sakrifikatua" dela nabarmendu du azkoitiarrak, asko kostatzen dela urtean zehar entrenatzea, baina azken urteetan sari asko lortu dituztela eta, "gustura" agertu da.
Unanuerentzat ez ezik, Gorka Aranberri patroiarentzat ere berezia izan da gaurko lorpena; izan ere, gaurkoarekin, bederatzigarren Kontxako Bandera irabazi du; horrela, Aita Manuelekin berdindu du bandera kopurua. Unanuek patroiari buruz esan du hark "katxarroa ondo menperatzen" duela, eta "konektatu" egiten duela arraunlariekin. "Guretzako ere berezia da haren lorpena".
Garaipena ospatzeko, harrera egingo diote taldeari gaur Bermeoko udaletxe plazan.
Ikuskizuna, Kontxan
Ikuskizun galanta izan da aurten ere Donostiako badian. Berdintasuna izan da ohorezko txandako lehen luzean. Bigarren kaletik atera den Bermeok estropadako minutu eta erdira arte itxaron behar izan du segundo bateko aldea ateratzeko bere aurkariei. Atzetik, beste hiru traineruek borroka bizia mantendu dute lehen minutu horietan. Zierbena lehen kaletik, Orio bigarrenetik eta Donostiarra laugarren kaletik aritu dira. Ziabogara hurreratzen ari zirela, aldea zertxobait handitu du Bermeok: traineru eta erdi edo bi traineru gehienera jota. Une horretan hortzak estutu ditu Oriok eta pixkanaka hurreratzen joan da. Hiru segundo, bi, bat, baita une batean aurretik jarri ere. Bermeo, ordea, ez da lehen igandeko aldea kudeatzera joan Donostiara; bigarren jardunaldian ere irabazi egin nahi zuten, eta gutxigatik bada ere, azkarrena izan da ziabogan, 9:15 denborarekin. Orio izan da bigarren bi segundora (9:17), Donostiarra hirugarren 9:19 eta Zierbena laugarren (9:20).
Oso bestelakoa izan da itzulerako luzea. Bermeok turboa piztu du, eta ia ohartu gabe aldea handitzen joan da. Sekulako erakustaldia eman du Aranberri zarauztarrak gidatutako arraunlari taldeak, eta hamahiru segundoko aldearekin irabazi du gaurko estropada. Sailkapen orokorrean, berriz, 26 segundo atera dizkio bigarren egin duen Zierbenari, eta 36 hirugarren amaitu duen Donostiarrari, era horretan, zortzigarrengoz Kontxako Bandera irabaziz.