Ospakizun giroan eta bertso eskolen lana aitortuz aurkeztu zuten atzo Eskoriatzako Apotzagan 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea amaitu eta handik gutxira, parte hartuko zuten bertsolari guztien izenak jakin ondoren, ekainean aurkeztu zituzten txapelketaren hainbat jakingarri: txapelketaren egitura bera, saioen datak eta horien egoitzak... Atzo, txapelketan ariko diren hainbat bertsolari, gai jartzaile, epaile, babesle zein Debagoieneko bertso eskoletan dabiltzan gazteak elkartu zituen ekitaldian, aurtengo txapelketaren sintonia –Trigger musikariaren sorkuntza– eta berritasun nagusia aurkeztu zituzten. 25 urtetik beherako txapelketako bertsolari onenari saria emango diote aurten finalaren egunean, abenduaren 14an, Donostiako Ilunben, eta hori izango da 2024ko txapelketaren berrikuntza. 48 parte hartzaileetatik hamar dira sari hori irabazteko hautagaiak.
Hurrengo asteburuan ekingo diote txapelketari, final zortzirenetako aurreneko bi saioekin. Guztira zazpi saiotan banatuta jokatuko dituzte final zortzirenak txapelketan lehiatuko diren 48 bertsolariek. Horian artean daude Unai izagirre eta Eneritz Artetxe azkoitiarrak; udaberrian jokatu zuten Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean lortu zuten biek txapelketarako txartela. Final zortzirenetan, Izagirrek Elgoibarren kantatuko du, Herriko Antzokian, irailaren 22an; Libe Goenaga, Eli Pagola, Eneko Araiztegi, Iñaki Apalategi eta Uxue Fernandez arko dira saio berean. Artetxek, berriz, Hondarribiko Itxas Etxea auditorioan egingo duten final zortzirenean parte hartuko du, Oier Aizpurua, Ane Beloki, Aratz Igartzabal, Maddi Aiestaran eta Unai Gaztelumendirekin batera.
Final laurden bat, Baztartxon
Final laurdenetan sartuko dira lehian aurreko txapelketatik sailkatuta zeuden bertsolariek. Bost saiotan banatutako jokatuko dituzte final laurdenak, eta horietatik hirugarrena, urriaren 26koa, Azkoitian izango da. Final laurdenetatik sailkatutakoekin batera ariko da Azkoitiko saioan dagoeneko sailkatuta dagoen Ane Labaka.
Txapelketaren saio guztiak, finala barne, 17:00etan hasiko dira. Saio guztietarako sarrerak salgai daude Bertsosarrerak.eus webgunean. Bertsozale Elkarteko bazkideek eta gazteek prezio berezia izango dute sarreretan.