Azkoitiko AEK-k ireki du 2024-2025 ikasturterako matrikulazio epea. Euskara eroso bizitzeko izenburupean zabaldu du euskaltegiak ikasturte berrirako matrikulazio epea; izan ere, euskara ikasi, hobetu edota praktikatu nahi duen orori zabaldu dizkio AEK-k ateak, horiek guztiek "eroso" ikas dezaten. Urrian hasiko dute ikasturte berria AEKn.
Enpresa, udal, elkarte, ikastetxe eta bestelakoetan eskainiko dituzte euskara eskolak beste behin, eta hori horrela, euskaltegiak azaldu du aurten ere "ikaslearen beharrizanetara" egokituko dituztela ordutegiak, modulazioak eta mailak. "Azkoitiko AEK-ko irakasleak ikasleen ondoan gaude, haien bidelagun izan nahi dugu, eta daukagun onena eskainiko diegu, aurten ere, ikasketa prozesu erosoa izan dezaten, etxean bezala senti daitezen", azaldu dute.
Nabarmendu dute azken ikasturteetan "herritar ugari" hurbildu dela euskaltegira euskara ikastera, euskara-maila hobetzera edo praktikatzera; eta arrazoiak asko dira, hala nola etxeko nahiz lagunarteko harremanak euskaraz izateko eta lan-egoera hobetzeko. Ikasturte berrirako ere gogotsu bezain itxaropentsu daude euskaltegian: "Ikasturte honetan ere zinez espero dugu herritar gehiago hurbilduko dela Azkoitiko AEKra, askotariko aukerak izango baitituzte ikasturte berrian ere".
Bulegoaren lekualdaketa
Matrikulazio epeaz gain, Azkoitiko AEK-k bulego lekuz aldatu duela jakinarazi du; lekuz baino, solairuz. Izan ere, Kultur Etxeko laugarren solairuan izan dute orain arte herritarren arretarako gela, baina, aurrerantzean, hirugarren solairuan izango dute haiek gunea, ikasgelen alboan, hain zuzen. Bulegora joan beharrik gabe, 607 61 26 97 telefono zenbakira deituta edota azkoitia@aek.eus helbide elektronikora idatzita argitu ahal izango dituzte herritarrek beraien zalantzak.
Hona hemen AEK-k ikasturte berrirako matrikulazio kanpainarako egindako bideoa: