Azkoitiko Udalak zabalik du euskara ikasteagatik laguntza eskatzeko epea. 2023-2024 ikasturtean euskara ikasi duten herritarrei emango die laguntza udalak, erakundeak euskara ikasteko duen diru laguntza lerroaren barruan. Laguntza eskatzeko azken eguna irailaren 30a izango da.
Dena den, laguntza eskuratzeko hainbat baldintza bete beharko dira. Ezinbestekoa da, besteak beste, euskaltegian edo euskararen autoikaskuntzako zentro homologatu batean matrikulatuta egotea, Azkoitian erroldatuta egotea, edota gutxienez, saioetan %85eko asistentzia izatea. Euskara ikasteko ordaintzen den matrikularen %100 bueltatuko du udalak, beti ere baldintzak betetzen badira.
Diru laguntza horrez gain, udalak jakinarazi du UEUren eta EHUren 2024ko udako ikastaroetara joateko diru laguntza eskatzeko epea ere irailaren 30ean itxiko dela. Laguntza hori eskuratzeko ere ezinbestekoa izango da Azkoitian erroldatua egotea, euskarazko ikastaroren baten parte hartzea edota klaseetan %100eko asistentzia izatea. Azkoitiko Udalak Euskara sailetik bideratzen dituen diru laguntzen inguruko informazio zehatza honako lotura honetan jaso daiteke.