Elgoibarko eta Soraluzeko (Gipuzkoa) parrokietako erretorea izango da aurrerantzean Joseba Gonzalez Paje apaiz azkoitiarra. Hamabi urtez Pasai San Pedroko (Gipuzkoa) parrokia zuzentzen aritu eta gero, joan den igandean egin zituzten bi herrietan Gonzalezi ongietorria egiteko elizkizunak. Azkoitiarrak, gainera, Fernando Prado Donostiako gotzaina izan zuen bidelagun.
Dena den, Pasai San Pedroko parrokia datorren larunbatean utziko du azkoitiarrak, orduan zuzenduko baitu agurreko meza hango parrokian. Indiako Kerala estatuko Thomas Ramachanattu izango da Gonzalezen ordezkoa Pasai San Pedron, eta Azkoitiko apaizak harekin batera eskainiko du han elizkizuna. Azkoitiarrak, berriz, Elgoibarko San Bartolome eta Soraluzeko Andre Mariaren Zeruratzea parrokietako erretore kargua hartuko du, uztailaren erdian Prado Donostiako gotzainak izendapena egin eta gero.