Ikasturte berrian egingo dituzten zenbait ikastarotan aritzeko izen-ematea irekiko du bihar, asteartea, Azkoitiko Plaza Ondo jubilatuen elkarteak. Aurten, elkarteko bazkideentzako bost aktibitate eskainiko dituzte; hain zuzen, arropa konponketa nahiz makrame ikastaroa, areto dantzen ikastaroa, pintura ikastaroa, gurutze puntuaren ikastaroa eta yoga ikastaroa. Horrez gain, Gure inguruak ezagutzen ibilaldiak eta bingo saioak ere egingo dituzte.
Bihartik aurrera eta irail osoan zehar, jubilatuen elkarteko bulegoan izango da aktibitateetan izena emateko aukera; astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan zabalduko dute bulegoa, 10:30etik 12:00etara bitartean. Aktibitate horietan guztietan aritzeko, bazkideek 30 euroko urteko kuota ordaindu beharko dute. Dena den, elkarteak azpimarratu du bingo saioetan parte hartzeko ez dela kuota hori ordaindu beharrik izango.
Aktibitateak urrian hasiko dituzte, eta ikastaro bakoitzak egun eta ordu desberdina izango du. Hona hemen ordutegiak:
- Arropa konponketa nahiz makrame ikastaroa: astelehenetan, 10:30etik 12:00etara.
- Areto dantzen ikastaroa: asteazkenetan, 17:00etatik 18:00etara lehena, eta 18:15etik 19:15era bigarrena.
- Pintura ikastaroa: astearteetan eta ostiraletan, 17:00etatik 19:00etara.
- Gurutze puntuaren ikastaroa: astearteetan eta ostiraletan, 16:00etatik 18:00etara.
- Yoga ikastaroa:
- Astelehenetan eta asteazkenetan, 15:30etik 16:30era.
- Astearteetan, 15:00etatik 16:00etara.
- Ostiraletan, 09:30etik 10:30era.
Ibilaldiak eta bingoa
Ordainpeko aktibitate horiez gain, bingo saioekin eta Gure inguruan ezagutzen deituriko herri ibilaldiekin ere jarraituko dute Plaza Ondokoek. Iaz bezala, aurten ere ostegunez jokatuko dituzte bingo saioak, baina ordu erdi aurreratuta. 17:00etan ekin beharrean, ikasturte berrian 16:30ean hasiko dituzte bingo partidak elkartean. Ibilaldiak, berriz, hileko hirugarren astearteetan egingo dituzte, eliz ataritik 10:00etan abiatuta.