Gaur, abuztuak 28, San Agustin eguna da, Aizpurutxon egun seinalatua. Aurten, meza besterik ez dute egingo hango zaindariaren egunean, baina datozen egunetarako ekintza bat baino gehiago antolatu dute. Larunbatean, hilak 31, Telurikoa izeneko jaialdia egingo dute auzoan, eta irailaren 14rako jai mexikarra. Gaurko egunez, auzo horretako Itziar jatetxean bazkari herrikoia egin ohi zen San Agustin egunean, baina aurten ez da halakorik izango. Hori dela eta, auzoan bizi diren zenbait lagunek "saiakera" egin dute "Aizpurutxoko jaiak galdu ez daitezen". Udalak lagunduta, Urbasoko Marmarrak taldearen izenpean ari dira jaiak antolatzen.
Dena den, antolatu dituzten bi egunak ez dituzte ohiko eran, egunean eta moduan ospatuko, nahiz eta ekintzak antolatzerakoan "auzoaren esentzia oso kontutan" izan duten. "Bi ekintza nagusi antolatu ditugu: bata, arte garaikidea oinarri hartuko duena, eta bestea, garai batean Aizpurutxon egiten zen bazkari herrikoia berrasmatuz egingo den bazkaria", azaldu du ospakizunen antolatzaileetako bat den Urbasoko Marmarrak taldeko Gorka Larrañagak.
Arte garaikidea izango du oinarri larunbatean, hilak 31, Aizpurutxo auzoa eta hango sanagustinak omentzea asmo duen Telurikoa jaialdiak. 20:00etarako jarri dute hitzordua hango San Agustin elizaren aurrean. "Tokiko gertaera" islatu nahi dute larunbateko jaialdiarekin, eta horretarako, soinua, hitza, irudia eta janaria uztartuko dituzte. "Auzoko zenbait txokotatik ibilaldi txiki bat egingo dugu. Ibilaldia musikarekin amaituko da, eta ondoren, jan-edanaz giro jatorrean gozatzeko aukera izango dute bildutako guztiek". Larrañagaren arabera, zapatuko ekintza artistikoan "Aizpurutxo auzoaren izaera" hartuko dute "gaitzat eta materialtzat".
Jai mexikarra, irailaren 14an
Larunbateko festatik harago, Mexikoren Independentzia Eguna ospatzeko herri bazkaria ere egingo dute. Irailaren 14an, larunbatez, Aizpurutxoko frontoian elkartuko dira ukitu mexikarra izango duen festa egiteko. Urbasoko Marmarrak taldeak Donostiako Mexikadi Etxea elkartearekin batera antolatu du irailaren 14ko eguna.
"Gaur egungo Aizpurutxoko biztanleriaren izaera berria —"latinoamerikarrak", antolatzaileen esanetan— kontuan hartuta" pentsatu dute jai mexikarra egitea, eta Azkoitiko biztanleei dei egin diete: "Azkoitiko biztanleei gonbidapena luzatu nahi diegu bazkarirako izena eman dezaten. Mexikoko janaria eta ohiturak ezagutzeko aukera aparta izango da". Bazkaritarako mugatutako kopurua izango dela aurreratu dute antolatzaileek, eta horretarako, 602 49 83 97 telefono zenbakira whatsapp mezua bidali beharko. Helduek 26 euro ordaindu beharko dute bazkaria, eta 11 urtetik beherakok, 17 euro. 14:30ean hasita egingo dute bazkaria, eta askotariko tako mexikarrak eskainiko dituzte.
Bazkalostean jarraituko du festak Aizpurutxon; izan ere, 17:00etan, Dominguez mariatxiak kontzertua eskainiko du han bildutakoen gozamenerako. 18:00etan, berriz, piñata egingo dute. Hain zuzen, edari-barra jarriko dute eta dantzarako aukera izango da. Gainera, arte erakusketaz gozatu ahalko dute bertaratutakoek, baita bertako produktuez ere.