Datorren astelehenean, irailak 2, hileko lehen odol ateraldia egingo dute Elkarguneko Herriko Plaza aretoan; arratsaldeko saioa izango da datorrena, eta beraz, 16:30etik 20:30era bitartean eman ahalko da odola. Euskadiko Odol Emaileen elkarteak azkoitiarrak deitu dituzte odola ematera; izan ere, odol mota gehienen "erreserbak oso maila baxuan" daude.
Hain zuzen, O+, O-, A+, A- eta B+ odol moten erreserba mailak behea jota daudela jakinarazi dute, eta Odol Emaileen elkartearentzat "premiazkoa" da odol mota hori duten herritarrek odol ateraldietan parte hartzea. Aldiz, AB+ eta AB+ odol moten erreserba maila erdian kokatu dute, eta B+ odol motaren erreserba maila onean dago.
Astelehenean odola eman ohi duten herritarrek honezkero hitzartuta dute ordua, baina odola ematen hasi nahi dutenek edota informazio gehiago jasotzea desio dutenek 610 11 21 45 telefono zenbakira deitu beharko dute. Hori horrela, odola inoiz eman ez duten azkoitiarrei egin diete astelehenerako dei berezia. Datorren astelehenekoa iraileko aurreneko hitzordua izango da; izan ere, hilaren 23an bigarrena izango da. Azken egun horretako ateraldia egun osokoa izango da, 09:30etik 20:30era bitartekoa, alegia.