Jon Unanue Dukie Bermeoko (Bizkaia) Urdaibai arraun elkarteko arraunlari azkoitiarrak Eusko Label liga irabazi zuen atzo, igandea, Getarian. Urdaibai taldeak hamargarrenez irabazi du arraunketaren maila goreneko liga, eta azkoitiarrak seigarrenez. 2016an, 2017an eta 2018an, hiru urtez jarraian lortu zituen lehen ligak arraunlari azkoitiarrak, eta bide-orri bera errepikatu du orain: 2022ko eta 2023ko ligak ere Urdaibain eskuratu zituen Unanuek, eta atzo, matematikoki ziurtatu zuen seigarrena azkoitiarrak.
Kontxako banderagatik borroka egiteko sailkapen probaren atariko estropada jokatu zuten atzo Getarian, ligako hemezortzigarrena, eta lehia estua izan zuten Donostiarrak eta Urdaibai taldeek. Azkenean, Donostiako taldeak lortu zuen Getariako XV. Ikurrina, baina Urdaibaik ez zion erraz jarri; izan ere, epaileek helmugako argazkia behar izan zuten bandera bietako zeini eman erabakitzeko. Donostiarra eta Urdaibai elkarrekin helmugaratu ziren Getariako portura, baina, azkenean, zortzi ehunenekoren abantaila emanda, bandera Donostiakoek astindu zuten.
Atzoko dema ez zen soilik Donostiarraren eta Urdaibairen artekoa izan. Traineru bakoitzean Azkoitiko arraunlari bana ari da lehian, Jon Unanue Urdaibain, eta Joanes Balentziaga Donostiarran. Atzo, Balentziaga nagusitu zen Unanueren aurrean, eta hala, denboraldiko bigarren bandera eskuratu zuen Torrekua II traineruko kideak —Zarautzen lortu zuten denboraldiko lehen bandera—.
11 bandera, gaur-gaurkoz
Unanueren parte hartzearekin, Bermeoko Urdaibai taldeak 11 bandera eskuratu ditu aurtengo liga denboraldian: A Coruñan, Bueun, Boiron (Galizia), Castro Urdialesen (Kantabria, Espainia), Zierbenan, Sestaon, Getxon, Lekeition (Bizkaia), Donostian, Hondarribian eta Pasaian (Gipuzkoa). Unanuek, gainera, oso gutxigatik ez zuen atzo denboraldi batean lortutako bandera kopuruaren marka hautsi. Iaz eta 2018. urtean lortu bezala, 11 bandera eskuratu ditu aurten ere Azkoitiko arraunlariak. Dena den, gaur arteko datuak dira horiek, oraindik ligako bi estropada falta dira-eta lehiatzeko.
Urdaibaik Eusko Label ligako koroa bermatu du aurten ere, baina Bermeoko arraun taldeak bi erronka ditu begiz jota orain: batetik, ligako ehungarren bandera lortzea —98 ditu gaur gaurkoz—, eta bestetik, Hondarribiak eta Castrok denboraldi berean lortuta dituzten hamahiru garaipenak gainditzea. Kontxako bandera lortzea da denboraldia amaitu bitartean gorriz markatutako beste helburua.